ARRATEN BOR BOR (K)

By
In Sailkatu gabea

Herri Jakintzen Laborategia martxan da jada! Ikasturte honetan 40 bat lagunek osatzen dugu herri mugimenduen formazio politikorako gune izan nahi duen egitasmoa. Eta poliki poliki hasi gara bide egiten.

Pasa den azaroaren 27tik 29ra Eibarko Arrate auzoko aterpetxean bildu ginen guztiok ikasturte honetako lehen saioari hasiera emateko. Asteburu osoan zehar bi gai nagusi landu genituen. Baga, Kidea, Taldea eta Proiektu Politikoaren arteko harremanak. Biga, Begirada Kritikoa zorroztuz: azterketak egiteko tresnak.

Ondorengo lerroetan, asteburuan ateratako ondorioak jasotzen ibili den lan taldeak egindako kronika aurkituko duzue:

– ARGAZKI GALERIA –

Azaroak 27, Ostirala

Herri mugimendu ezberdinen materialez egindako azoka prestatu zuten kide batzuk. Asmoa azoka horretan zeuden elementuei erreparatuz Euskal Herriko herri mugimenduen ezaugarriak eta borrokak aztertzea zen. Horretarako baina, begirada ezberdinetako betaurrekoak janzteko gonbitea jaso genuen. Izan ere, zapalkuntza ezberdinen jabe egiten garenean hobeto ulertzen baitugu ondoan daukaguna, berarekin inoiz baino gehiago enpatizatzen dugu eta. Klase borrokaren, ekologismoaren, feminismoaren, kolonialismoaren, nazio zapalkuntzaren, gazteen, zein gorputz ez arautuen betaurrekoak jantzi eta errealitatea aztertzeari ekin genion. Bidean hainbat zapalkuntza sentitu-aztertu genituen eta horrela berauen inguruko gogoeta kolektiboa egin genuen.

arrate1

Ostean, aste osoko neke eta ardurak leuntzeko asmoz, erlaxazio jolasak egin genituen; masajeez gozatuz, gorputzak zaindu genituen. Gure gorputzaz eta kargez jabetu ginen, horiei aska bideak emateko asmoz.

Azaroak 28, Larunbata

Larunbat goiza, herri-mugimenduetan gerta daitezkeen egoera zein koiuntura analisiak aztertzeko teknikak ezagutuz hasi genuen. Eta hainbat azalpenen entzu eta adibide ikusi ostean bakoitza zein egoeratan zaigun baliagarria erabaki genuen.

arrate2

Harrigarria dirudien arren, goizaren bigarren zatia futbolean jokatzen pasa genuen. Taldea bitan banatu zen. Zazpi pertsona garaienak talde bat osatu zuten eta beste guztiak bestea. Gainera, futbol partidaren joko-arauak ez genituen guztion artean adostu ez. Zazpikoteak zuen guztia zehazteko boterea eta besteak egoerara moldatzea besterik ez zeukaten. Jokoa hasi eta gutxira ohartu ginen jokoa egungo sistema ekonomiko-politikoa metafora zela. Eta beraz, eraldaketaren aldeko indarrak batzen dihardugun herri mugimenduon zein botere ekonomiko eta politikoa duten eragile kapitalista heteropatriarkarren estrategia politikoak aztertzea (eta partidaren bitartez antzeztea) zela helburua.

Arratsaldea hastearekin batera, bizitza militanteko eguneroko lanean ardatz diren bi aldagai neurtzen saiatu ginen; eginkizunak eta zaintza. Horiek biak egoera ezberdinetan nola kudeatzen ditugun analizatzea zen xede nagusia. Zenbateraino zaintzen ditugu gure eta taldearen buruak? Non dago oreka?

arrate3

Egun luze eta sakonari amaiera alaia emate aldera, momentu informaletako programazioa zehaztu zuen taldeak “Play-Back lehiaketa” antolatu zuen. Batzuei jaia luzatu bazitzaien ere, beste batzuk formal eta goiz oheratu ziren.

Azaroak 30, Igandea

Igande goizeko lehen zatian, “Arazoen zirkuluan bueltaka” aritu ginen. Gure esperientzia militantean izandako gertaera deseroso errealak kontatu eta taldeka haien inguruan hitz egiteari ekin genion. Ariketa honekin, herri mugimenduko kideen aniztasunaz hausnartuz, botere-asimetriak sortzen diren faktoreak identifikatu eta asimetria horiek lantzeko orientabideak zehazteko ahalegina egin genuen.

Bigarren zatian aldiz, maila pertsonalean “borborkideok” nozitutako esperientzia gatazkatsuak jaso eta antzerki foroa teknikaren bidez gune militanteetan ematen diren neke eta ezinegonen gainean hausnartzeko parada hartu genuen. Erretzeari aurre egiteko soluzio posibleak modu kolektiboan sortzeari ere ekin geniolarik.

arrate4

Bazkalostean aterpetxea garbitu eta asteburuak emandakoa baloratu ostean, saku bete esperientzia, gogoeta eta irripar, bakoitza bere herrietara itzuli zen.

Asteburu osoa eta sakona, zalantzarik gabe, energia dezente utzi genuen dinamika eta eztabaida ezberdinetan buru-belarri murgilduta. Nekagarria bezain aberasgarria izan bazen ere, igandeko bazkarira neka-neka iritsi ginen, eta azken balorazioan bete-betean geundela neke aurpegiak gailendu ziren. Paradoxikoa bada ere, zaintza une batez praktikara eramatera ahaztu ote genuen?

Idatzi iruzkina