Asteburu intersekzionala Aretxabaletan

Mugimendu sozialetan lanean ari garen Euskal Herriko 40 bat kide Aretxabaletako Galartza aterpetxean bildu ginen urtarrilaren 29ko asteburuan. Bor Bor (K) ikastaroaren hirugarren zita izan da hain zuzen ere eta oraingoan parte hartzea eta zapalkuntza anizkoitzak landu ditugu, txandakatzen zihoazen era guztietako ariketen bitartez.

Parte hartzaileek lan eta funtzioak ongi banatuta izan ditugu. Gainera, sukaldarien jardun estimatuak lagunduta eta urdailak bertako eta garaiko elikagaiez osasuntsu hornituta, egun intentsuak bizitu ditugu. Edukien lanketaren ostean, gaugiroa ere izan dugu ohera joatea kostatzen zaigun batzuk. Ostiralean plazeraren inguruan antolatutako erlaxazio ariketa antolatu genuen, eta larunbatean, mozorro festa.

Harremanak, komunikazioa eta parte hartzea

Asteburuan landu dugun esparruetako bat izan da. Hauek ziren helburuak: Zaintzaren ikuspegitik, kidea, taldea eta proiektuaren arteko orekaren inguruko gogoeta egin eta orientabide praktikoak definitzea. Bilerak eta lan-dinamikak parte hartze orekatuaren bidetik eramateko tresnak lantzea.

Parte hartzea sustatzeko neurri eta teknikak zehazte aldera, lau baldintza identifikatu ditugu: zaintza eta motibazioa, parte hartzen jakitea, antolaketa ereduak eta bileren dinamizazioa.

Bilera ekosistema baten tresna dela ulertuta, proiektuaren, pertsonen eta testuinguruaren arabera eraikitzen diren espazioak dira bilerak, eta nortasuna askotan hor eraikitzen dela aipatu da. Nola hartzen dira erabakiak? Honen arabera konprometituko da jendea. Hala ere, konpromiso maila ezberdinak badaude, hauek eta botere harremanak ezkontzea ez dela erraza atera da.

Zapalkuntzen egungo mekanismoak eta alternatiba askatzaileak

Bigarren bloke honetan ondorengo hiru puntuak landu genituen: Jendarte-eredu honen zapalkuntza ezberdinen oinarrizko kritika egin eta jendarte-ereduaren kolapso egoera aztertu/ezagutzea; sistemaren funtzionamendua bere osotasunean ezagutu eta zapalkuntza forma anitzak harremanetan jartzea; eta zapalkuntzen oinarri komunak identifikatu eta gure praktika pertsonalarekin duten loturaz gogoetatzea.

Zapalkuntzekin, ondorengoak identifikatu genituen: Kapitalismo neoliberal, klase zapalkuntza eta natura suntsiketa; Patriarkatua, genero eta sexu zapalkuntzak; Kolonialismoa, nazio eta kultur zapalkuntzak; Helduen boterea eta nagusien zapalkuntza.

Intersekzionalitatearen kontzeptuak garrantzi handia hartu du asteburuan. Alegia, zapalkuntzek erro bera dutela identifikatzen dituen ikuspuntu politikoa, borroken indibidualizaziotik aliantzetara jotzea bultzatzen duena. Ideia honetan sakonduz, ikus daiteke batzuetan zapaldua besteetan zapaltzaile dela, eta ikuspegi estrategikoa lantzea gako izan daiteke. Hala ere, honek pribilegio eta hegemoniak mugitzen dituenez, mugimenduetan hau lantzeak erresistentziak dakartzala ikusi dugu. Boterearen kudeaketak badu zeresanik hemen.

Aretxabaletan jaiak

Ez genuen ordea dena Galartza aterpetxean landu. Larunbat bazkalostean Aretxabaletako Bagara elkartearen gunera jaitsi eta bertan egin genituen ariketak. Arazo praktikoetan oinarriturik, Parte hartzeko teknikak jorratu genituen lan talde txikitan. Ondoren zapalkuntza anizkoitzei buruz jardun genuen. Horretarako, antzerki, ipuin kontaketa, bideo emanaldi bat antolatuz.

Asteburuan pote batzuk hartzeko aukera ere izan genuen. Eta baita ipuin erotiko bat kolektiboki idazteko ere. Hainbatek gaizto aurpegiz idatzi izan duten arren, behin altuan irakurrita nabarmen geratu da inor ez dela gaian hondoraino “busti”. Norabide berean, ostiral gaueko “dasta ezazu ondokoa” apustua, “había que intentarlo”-n geratu zitzaien erlaxazio dinamika prestatu zuten kideei.

Igandean “kaleak gurutzatu” teknikaren bitartez, zapaldu-zapaltzaile kontzeptuaz gogoetatzeko bizi-esperientzietan oinarritutako ariketa sakon eta pertsonala egin ostean, bazkaldu eta balorazioak egin genituen.

Orokorrean oso ongi baloratu dugu asteburua ondorengo ideiak atera direlarik: “gozada bat izan da”, “parte hartzea sustatu behar litzateke batzuek gehiago hitz egiteko joera dutelako eta beste batzuek gutxi”, “plenarioak prestatzean gogoeta lantaldeak ikuspegi hau ere planteatzea”, “eskerrik asko denoi”, “denbora libre gehiago ongi legoke”, “asko ikasten ari gara”, “luxu bat da”, “eskerrik asko sukaldariei”, “gogoeta lantaldetik eskerrak jendeari jarrera hobezinagatik” eta “asteburu hauek oxigenoa dira eta tresnak eskuratzea”.

Etxera joan aurretik, inguruan egiten ari diren AHTren lanak ikusi genituen, intersekzionalitatearen izenean.