Zubideiak gizarte elkarrizketa: Euskara, aniztasuna eta bizikidetza aztergai

Zubideiak gizarte elkarrizketa maiatzaren 7an:

Euskara, aniztasuna eta bizikidetza aztergai

Otsailaren 22an, izaera anitzeko hogeitik gora eragile bildu ziren Durangon maiatzaren 7an egin asmo den gizarte-elkarrizketa antolatzeko. Euskara, aniztasuna eta bizikidetza gaia izango da aztergai, gizarteko ordezkaritza zabala batu nahi duen Zubideiak ekimenean eta horretarako hainbat gizarte eragile eta erakundetako kidek bat egin dute antolakuntza prozesuan.

Euskararen normalizazioa gizarte osoaren ardura dela adierazi dute sustatzaileek eta, horretarako, gizartean dauden iritzi eta ahots anitzak entzutea eta elkarrizketan jartzea oso garrantzitsua dela iritzi diote. Gizarte elkarrizketako parte hartzaileek erabakiko dute foro honetan zein hizkuntzatan mintzatuko diren, euskaraz, frantsesez, zein gazteleraz mintzatu ahal izango da bertan.

Gune Irekiaren metodologiaren bidez bideratuko den gizarte elkarrizketa euskararentzat eta hizkuntza aniztasunarentzat dinamika berrien sorkuntzarako potentzial handiko ekimena izan daitekeelakoan daude antolatzaileak.

Honako erakundeetako ordezkariekin eratu da ekimena aurrera ateratzeko lehen talde eragilea: Unesco Etxea, Aztiker, Euskadiko Gazte Kontseilua, Euskaltzaindia, Garabide, Euskaltzaleen Topagunea, Kontseilua, AEK, Seaska, Emigrados sin fronteras, Banaiz Bagara, Joxemi Zumalabe Fundazioa, EMUN, Aztiker, UEMA, Hobest Consultores, TOKIKOM, Ekogunea, Kutxa Fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Soziolinguistika Klusterra, Wikitoki, Elhuyar, Laboralkutxa eta UPV/EHU. Horrez gain, Gune Irekien Lagunak izango dira maiatzak 7ko topagunea errazteko ardura hartuko duten bidelagunak.

Epe laburrera lehen helburua honakoa izango da: aniztasun zabalagoa eta indartsuagoa lortzeko erakunde gehiago erakartzea talde eragilera. Zubideiak irekita dago beraz.

Horrekin batera, gizarte elkarrizketa baldintzarik onenetan gauza dadin, parte hartzaileak ahalik eta biribilik handienean hartzeko moduko areto irekia eta ahalik eta zabalena lortzea izango da bigarren erronka.

Animatu eta parte hartu! Bultza dezagun euskara, aniztasuna eta bizikidetza!