GAURDANIK, GUGANDIK, DESOBEDITUZ ERAIKI

Desobeditzea arriskutsua dela dioskute, gehiegikeriatan erori gaitezkeela. Baina munduan egi(te)n diren barrabaskeriarik handienak ˗tortura edo zibilen aurkako bonbardaketak, kasu˗ obedientziaren izenean burutu dira lehenik eta zuritu dira ondoren. Desobedientzia arriskutsua da, ohartarazten digute, ondorio ekonomiko, psikologiko edo fisiko latzak ekar diezazkiguke. Nola neurtu, ordea, lantokiko edo etxeko autoritatearen, lege bidegabeen, arau sozial hertsatzaileen edo bankari lapurren aurrean obediente izateak sortzen dizkigun barne zauriak, tristurak, amorruak, ezinak? Desobedientziaren bidea nahasia, gatazkatsua, kontraesankorra eta ziurgabetasunez betea dagoelako mamua saltzen digute. Obedientziaren bidea argia da, bake soziala bermatzen du eta ziurtasunez betea dago, bai: nabaria da noraino ekarri gaituen, nora garamatzan.

Desobedientzia arazoa da, dioskute. Obedientzia da arazoa, diogu.

Zoro zentzugabeak omen gara. Ez dugu legea justiziaren aurrean, bizitza kapitalaren azpian edo gizon zuria gainontzeko izaki guztien gainean ezartzen dutenek banatzen duten zentzutasunaren eta arrazionaltasunaren ziurtagiria irabazteko inongo beharrik. Baina Einsteinen aipua etortzen zaigu gogora: “ Burugabekeria da behin eta berriz gauza bera egin eta emaitza ezberdinak espero izatea”. Burugabekeria, obedientziaren bidetik jarraituz bestelako mundu baterako aukeran sinestea. Nahikoa aukera eman dizkiogu obedientziari. Horrek hondoratu gaitu egungo lokatza patriarkal, energetiko, inperialista, ekologiko, emozional, prekario, autoritario honetan.

Eman diezaiogun aukera bat, hortaz, desobedientziari. Mitifikaziorik eta azalkeriarik gabe, dena konponduko duen formula ahalguztidun eta bakarra dela pentsatzeke. Baina, egin dezagun aproba. Ea zer gertatzen den, zer ematen duen. Deskolonizatu dezagun geure burua obedientziaren inperio mentaletik, begiratu diezaiogun munduari betaurreko desobedienteak jantzita.

Gaurdanik. Dagoeneko zabalik ditugun espazio eta praktika desobedienteetan are gehiago sakonduz: gune okupatuetan, mikropolitikan, kontsumo sareetan, hizkuntzan eta hezkuntzan, lege bidegabeen aurka, gure gorputzen alde… Oraindik obedientziaren menpe ditugun lurraldeetan irla desobediente berriak eraikiz. Artxipelago geroz eta sendoago bat osatuz.

Gugandik. Desobedientziari aukera bat ematearen alde gaudenok ere, kontrakoa nahi izanagatik, desobeditu baino obeditu egiten dugulako egunerokoan. Gure harremanetan, lanean, aisian, militantzian, eskolan… Ez dagoelako eraldaketa kolektibo sinesgarririk eraldaketa pertsonalik gabe.

Desobedituz, eraiki. Nor-banakotik eta nor-kolektibotik, hausnartuz eta hunkituz, sufrituz eta gozatuz, suntzituz eta sortuz, gure ziurtasun apurretatik eta ziurgabetasun ugarietatik. Ausartak izateko prest, beharrezkoa den bakoitzean; libre bizitzeko moduak eta espazioak eraikiz, uneoro. ¿Saiatuko gara?

Eleak/Libre mugimendua, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Ernai, Fracking ez Araba, Hezkuntza Plataforma Gunea, Hala Bedi Irratia.

EGITARAUA:

DESOBEDITUZ_ERAIKI_ONA_(egitaraua)_TX