Zer da Baserria XXI ?

Ikasturte honetan zehar Gipuzkoako hainbat baserritar txiki batu dira elkarren berri izan eta  elkarrekin antolatzeko gogoz, dituzten arazoei batera aurre eginez, elikadura burujabetzaren aldeko bideak zein nekazaritza iraunkorra eta agroekologikoa bermatzeko asmoarekin.

Haien hitzetan «dinamika honetan gaudenok argi dugu Gipuzkoako Nekazaritzak eragile berri baten beharra duela. Izan ere hutsune handiak identifikatu ditugu, baina arazo handiak ere baditugu balizko eragile horren izaera zehazteko garaian. Izan ere, ez dakigu zenbat garen, ez dakigu nola egituratu… Bestalde, nekazarion ofizioak ez du erraztasun handirik ematen antolaketa horren diseinuak eskatzen duen dedikazio eta pentsamendua emateko, baserriak berak lan-ordu asko eta buruko min ugari dakarrelako berarekin. Ondorioz, Joxemi Zumalabe fundazioari eskatu genion prozesu kolektibo baten diseinu lan honetan laguntzeko».

Hartu eman hau oso aberasgarria izan da zentzu askotan eta post honetan konpartitu nahiko genuke hilabete hauetan bizi izan duguna, hots, egin dugun ibilbidea eta jaso ditugun ikaspenak.

Baserria XXI elkarteko talde eragileko kideek gurekin kontaktatu zuten orain dela 10 hilabete eta denbora honetan elkartearen sortze prozesua burutzeko elkarlanean aritu gara. Hasierako hilabeteetan Azkoitian astero-astero sei lagun inguru batzen ginen taldearen sorrera prozesua diseinatu eta berau aurrera eramateko helburuarekin.

Bidean mugarri asko izan dira, adibidez, abenduan eskualdeko topaketak antolatu ziren  Eibarren, Zaldibian, Arrasaten eta Lezon. Bertan 52 baserritar inguruk parte hartu zuten, haietako 19 emakumeak zirelarik. Topaketen helburuak hauexek ziren: elkar ezagutzea, partekatzen ditugun zailtasun eta hutsuneak identifikatzea, eskualdeka saretzen joatea eta urtarrileko jardunaldien berria ematea.

Topaketetatik jasotako informazioa landu ostean, urtarrilaren 28 Andoainen beste mugarri bat izan genuen. Gipuzkoa mailako lehen asanblada orokorra hain zuzen ere. Bertan 40 baserritar inguru batu ziren (haietako 17 emakumeak). Eta helburuak ondorengoak: alde batetik, eskualdeko topaketetan identifikatu ziren beharrizanak bateratu eta lehenestea, lehenetsitako beharrizanetatik lan ildoak sortu eta adostu genituen, eta horrela, zertarako elkartu garen definitzea lortu genuen. Eta bestetik, antolaketa ereduaren inguruko gogoeta abiaraztea eta antolatzeko oinarriak adostea.

I. Asanbladatik aurrera lau lan talde jarri ziren martxan: 1) Desobedientzia, 2) Presioa eta okupazioa; 3) Formakuntza eta Saretzea; 4) Antolaketa eredua eta merkaturatzea. Hilabeteak joan ahala, apirilaren 28an Zaldibian II Asanblada orokorra burutu genuen, taldearen funtzionamendua eta egitura hobeto zehaztu eta erabakitzeko. Hau bai erabaki potoloa! Bertan parte hartu zutenek barne harremanak, parte hartzea, horizontaltasuna eta botere harremanen kudeaketa kolektiboaren lanketa egitea beharrezkoa zela oso argi zuten.

Hori dela eta, ekainaren 16an Zaldibian barne formazio saio bat antolatu genuen aurreko landu eta hitz egiteko. Eta beraz, talde osasuntsu bat izateko tresna eta mekanismoak zehazteko edo aurrerago lantzeko konpromisoa hartu zen.

Elkarlanarekin hasi aurretik, Joxemi Zumalabe Fundazioarentzat baserritarren egunerokoa ezezaguna zen eta  zentzu askotan elkarrengandik asko ikasi dugula esan dezakegu. Adibidez, dinamizazio honek gure lan egiteko moduak (erritmoak, metodologiak, bileren zehaztasun maila…) birmoldatu eta pentsarazi izan digute. Gainera, aitortu behar dugu barazki eta abereez ere zertxobait ikasi dugula!

Bukatzeko, elkarlan honetan Zaldibiako Transformazio gunea ezagutzeko aukera ere izan dugu, baita bertan gertatzen ari den zentzugabekeria ere. Kalitatezko elikadura ez baita baserritarron ardura bakarrik, denon ardura baizik. Eta hortaz, transformazio gunea martxan jartzeko sinadura bilketa martxan ipini dute. Zuen atxikimendua ematera animatzen zaituztegu! Transformazio guneari atxikimendua

Baserri XXI elkarteko kideek esaten duten moduan:

BASERRIA da Jakintza

Jakintza da Iraultza

Iraultza Etorkizuna

Etorkizuna da BASERRIA!!!

IMG-20160502-WA0009 IMG-20160204-WA0016(1) IMG-20160204-WA0012(1) 55427zaldibiako-goizane-martxan