Itxaropena! Hondurasi buruzko kronika.

Itxaropena!

Euskal Herrian bizi izan den giza eskubideen aldeko aktibista baten egoeraren kronika.

CEAR-Euskadik koordinatzen duen «Giza eskubideen defendatzaileak aldi batez babesteko euskal programa»ren baitan, Hondurasko giza eskubideen aldeko aktibista bi egon dira sei hilabetez gure herrian. Horietako bat, Joxemi Zumalabe Fundazioaren eskariz etorri da eta bestea, berriz, Mundu bat GKE-aren eskariz.

Bizi duten egoera latza izanda ere, Hondurasko errealitate gordina tamalez ez dago gaur egungo agenda internazionalistetako lehentasunen artean. Errealitate honen zabalpenean hondar aletxu bat jartzeko asmoz beraz, sei hilabete hauetan aktibista honek kontatu dizkigunen laburpentxo bat egiten saiatu gara ondorengo lerroetan.

Hondurasen ofizialki deklaratutako gudarik ez badago ere, munduan erahilketa tasa handienetarikoa duen herrialdea da. Horren adibide dira ezagunak egingo zaizkigun Berta Cáceres eta José Angel Flores aktibistak. Lehena, Agua Zarca proiektu hidroelektrikoaren aurkako mugimenduko lider indigena maiatzean erahil zuten eta bigarrena, Movimiento Unificado Campesino del Aguán erakundeko lehendakaria urrian bertan erahil dute. Errepresioa baina ez dute herri mugimenduetako liderrek soilk pairatzen, izan ere, giza eskubideak defendatzen dituen edonor dago aparatu errepresioboen jo mugan, tartean kazetari edo abokatuak ere bai. Horri gainera, Hondurasko oligarkiak eta AEBk bultzatutako Manuel Zelaya presidentearen aurkako 2009ko estatu kolpea gehitu behar zaio. Orduz geroztik, herrialdea korrupzioa, zerbitzu publikoen pribatizazioak, segurtasun eza eta giza eskubideen urraketa larriak pairatzen ari da.

Gurekin batera sei hilabetez egon den kidea bertako herri mugimenduetako partaidea da. Bere eguneroko militantzia bizi den komunitatean burutzen du eta osasun, elikadura eta formazioaren alorretan bere komunitateari herri-zerbitzu ezberdinak eskeintzean oinarritzen da (botikario herrikoiak, baratza ekologikoak, eta abar bultzaten dituzte) eta nola ez, etsai nagusi gisa farmazeutika eta enpresa transnazionalak dituzte (meatzaritza eta enpresa hidroelektrikoak batez ere). Horrez gain, estatu kolpearen ostean, beste hainbat herri mugimendurekin batera, kolperaren kontrako “Frente Nacional de Resistencia Popular (FNRP)” mugimenduaren sortze prozesuan ere aritu izan da.

Gertaera eta bizipen asko azaldu dizkigu hilabete hauetan eta argi ulertu dugu bizi dituzten errepresio eta zapalkuntza egoerak, eta ondorioz garatzen dituzten borroka guztiak, elkarlotuta daudela. Lurraren defentsan ari direnak, multinazional eta meatzaritzaren aurka daude eta, hortaz, komunitateen burujabetzaren alde. Ideia bat egiteko, Hondurasko lurren %35a (departamentu batzuetan lurren %80a), meatzaritza eta palma afrikarraren monokultiboetara bideratua daude.

Dena den, gehien harritu gaituzten megaproiektuak «zona especial de desarollo económicoZEDECiudad Modelo» deiturikoak dira. Gobernua horrelako lau «hiri» eraikitzen ari da une honetan. Singapour eta Hong Kong-en ereduari jarraiki «Hiri eredugarri» hauek lege, zerga jasoketa eta justizia sistema propioa izango duten lurraldeak izango dira. Hondurasko gobernuaren eraginetik independienteak izango diren administrazio autonomoak alegia. Komertziorako eremu klabeak bihurtzeko eskumen legegile eta ekonomiko malguak izango dituzten guneak izatea sustatuko da azken batean «hiri» hauetan. «Garapen ekonomikoa» eta lanpostu berriak (baina prekarioak) sortuko direnaren aitzakiapean, herrialdea bertako eta atzerriko elite ekonomikoei saltzen ari da gobernu golpista. Nekazari eta indigena komunitateak beraien lurretatik botaraziz, Hondurasko herritarrak beraien herrian arrotz (eta txiroago) bilakatuz gainera. Izan ere, hondurastarrak eremu hauetan sartzeko baimen bereziak beharko dituztela aurreikusten dute. Eta hori gutxi balitz, eremu hauetako zaintza lan erreproduktiboak betiko bezala, azken batean egoera prekarioan biziko diren «hiri eredugarri» horietatik kanpo biziko diren hondurasko emakume txiroenen esku geldituko direla zalatzen ari dira.

Zapalkuntza eta eskubide urraketa guztien aurrean herri mugimendua indartsu dagoela komentatu digute. Mobilizazioak eta aliantzak sortzen ari direla alegia: mugimendu feminista, ikasle mugimendua, gizarte mugimenduak oro har, oposizioko partiduak eta nekazariak euren borrokak elkar uztartzen saiatzen ari direla. 2017. urtea hauteskunde urtea izango da (nahiz eta 2009an golpea eman, noizean behin maskara demokratikoa janzten du gobernuak). Eta tamalez, hauteskunde urteetan herri mugimenduetako aktibisten aurkako kriminalizazio eta errepresioa areagotu egiten da. Datorren urtean beraz, elkartasun internazionalista oso garrantzitsua izango da Hondurasko herriarentzat.

Horren harira, CEAR-Euskadik koordinazten duen programaren baitan, uztailean Joxemi Zumalabe Fundazioak ere parte hartuko duen «misio» instituzional bat antolatu da. Ekimen honen helburua, EHan egon diren bi kideen itzuleraren bertatik bertarako jarraipena egiteaz gain, Hondurasko gobernuari bi pertsona hauek Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programa bateko partaide izan direla eta jasan ditzaketen errepresioari arreta berezia eskeiniko zaiela adieraztea da. Horrekin batera, bi kide hauek sei hilabete hauetan jaso duten babes institizional zein herritarraren berri emango diegu ere.

Jarraipen honen partaide egin nahi zaituztegu zuei ere. Honduraseko errealitatea hobeto ezagutu eta albisteak lehen eskutik jaso nahi badituze hona hemen lotura interesgarri batzuk:

Azken egunetan, egonaldiaren balantzea egiten ari ginen bitartean, gurekin batera bizi izan den kideak Euskal Herrian egoteak eta bertako borrokak ezagutzeak bere herrian bizitza hobe baten alde borrokatzeko itxaropena eman diola esan digu. Horrekin gelditzen gara gu ere. Itxaropena ez dugu sekula galdu behar!

Elkartasuna herrien arteko samurtasuna!

Joxemi Zumalabe Fundazioa

Euskal Herrian, 2016ko urtarrilaren 16an