Astran BOR BOR (K)

Bidearen erdira iritsi gara dagoeneko. Hirugarren asteburua pasa dugu Astran eta asteburu honetan ikusi ahal izan dugu taldea gero eta kohesionatuagoa dagoela, geroz eta hobeto ezagutzen dugula elkar eta honek bidea elkarrekin egiten lagunduko digu.

Toki sinbolikoa da Astra. Gernikako bonbardaketan zutik iraun zuen eraikin bakarretakoa da eta, lehen armak egiteko fabrika zena, gaur egun Gernikari bizia emateko herritarrek errekuperatutako eraikina da. Asteburuari hasiera emateko eta lekuan kokatzeko Markak dokumentala ikusteko aukera izan genuen. Bertan memoria historikoaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute eta gernikar herria egiten ari den berreskurapen lana azpimarragarria da. Astrako kideen eskutik ere euren proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen.

Larunbat eta igandean ikastaroko bi ildo nagusietako bigarren azpiatalen inguruan aritu ginen lanean. Batetik antolakuntza, funtzionamendua eta aliantzen blokean harremanak, zaintza eta parte hartzea izan genituen eztabaidagai. Norbera, taldea eta proiektuaren arteko elkar zaintza nola lortu dezakegun zaila izaten da batzuetan eta dinamika ezberdinen bitartez hau modu orekatuan aurrera eraman ahal izateko gakoak bilatzen saiatu ginen. Bestetik, parte hartze gaietan aditu eta aritua den Marije Apodaka berdintasun teknikariaren bisita izan genuen. Berarekin parte hartze orekatuaz aritzeko aukera izan genuen. Zer egin dezakegun bilera bati probetxua ateratzeko, nola egin bilera batean denon ahotsa entzun dadin… Gure egunerokoan denbora asko eskaintzen diegu bilerei eta hauetan eroso sentitzeko moduak sortu behar ditugu.

Bigarren atalari dagokionez, zapalkuntzen jatorri eta egungo mekanismoetan sakontzen aritu ginen. Materialismo dialektikoaren inguruan eztabaidatzeko aukera izan genuen batetik, eta zapalkuntzak barneratzeko eta azaleratzeko formak aztertu genituen bestetik. Asteburuan argi geratu zen zapalkuntzak ezin direla modu isolatuan aztertu, zapalkuntzak elkar gurutzatuta daude eta horregatik intersekzionalitatea presente izan behar dugu hauek aztertzen ari garenean.

Aurtengo bor-bor(k)ko saioetan herri mugimenduetan ditugun beldur eta ezinegonetan fokua jartzeko erabakia hartu genuen Errekaleorren. Beizaman beldurrak identifikatu genituen eta oraingo honetan beldur eta ezinegon horiei aurre egiteko estrategiak bilatzen ahalegindu gara.

Aisialdirako eta tarte informaletarako tartea ere izan genuen. Patxada eta patxangakoek zentzumenekin jolasteko tartea eskaini ziguten. Gure egunerokotasunean hitzei ematen diegun zentralitatea alde batera utzi eta ukimenari, usaimenari… lekua eman genien. Asteburu honetan buruaz gain gorputza ere martxan jartzeko aukera izan dugu; sorkuntzak, antzerkiak, masajeek… izan dute beren tartea.

Berriro ere Astratik motxila betearekin itzuli gara etxera. Orain ideia guzti horiek ordenatzea tokatzen zaigu, hauen inguruan hausnartu eta horrela hurrengo asteburuari begira jarriko gara. Ziur gaude asteburu hau bezain oparoa izango dela!

Argazkiak ikusteko egin klik HEMEN.