Pil-Pilean -Bor Bor (K) laborategia- 2017/2018 matrikulazio kanpaina abian da!

Herri mugimenduok gure lan gaitasuna indartu eta biderkatzeko, gogoeta eta elkarlanaz gain, gure burua bitarteko ezberdinez hornitzeko beharra dugula aldarrikatzen dihardugu azken urteotan. Are gehiago, aldarrikatzeaz gain, behar hori praktikara eramatea izan da gure egiteko nagusietako bat. Hain zuzen ere, aldarri hori ipar harturik sortu genuen 2015. urtean <<Bor Bor (K) Herri Jakintzen Laborategia>> izenez ezagutzen den egitasmoa.

Formazio politikoa bestelako begirada eta oinarri askatzaileagoetatik eraiki daitekeela sinistuta dihardugu eraikitzen laborategia. Hona hemen egitasmo honen ezaugarrietako batzuk:

  • Herri mugimenduen saretzea, elkar ezagutza eta esperientzien trukea bultzatzeko elkargunea izateko bokazioa. Mugimenduen eragiteko zein jakintzak sortzeko gaitasuna hobetzea ipar izanik, herri jakintza teoriko zein praktikoak iturri izango dituen formazio eredu askatzaile baten bidean urratsak emateko ahalegina alegia.
  • Jakintzaren eraikuntza kolektiboa oinarri duen formazio proiektua. Eta beraz, askotariko esperientzia eta praktikei lekua eginez, formazio politiko integrala sustatzea (ez soilik transmisio ideologiko/historikoa).
  • Herri eragile anitzen partaidetzatik eta zapalkuntza guztien ikuspegitik egitea bidea. Eta horretarako borroka eta zapalkuntzen hierarkizazioa baztertzea.
  • Pentsatu, izan eta ekitearen berriztapenean sakontzea ere badu xede egitasmo honek. Militantzia Kultura askatzaileagoen bidean urratsak eta hausnarketak egitea alegia. Zentzu horretan, ahalduntze pertsonal zein kolektiboa sustatuko duten metodologiak formazio prozesu osoan zehar-lerro izaten dira.

Albiste honen bitartez, Bor Bor (K) Herri Jakintzen Laborategiaren baitako 2017/2018 ikastaroan izena emateko epea zabalik dagoela adierazi nahi dizuegu. Eman izena!

GAITEGIA

Sei ataletan banatzen diren bi bloke tematiko nagusi landuko dira kurtso osoan zehar:

  1. Antolaketa, funtzionamendua eta aliantzak: arlo pertsonal eta kolektiboa, harremanak, zaintza, parte hartzea, elkarlana…
  2. Zapalkuntzen egungo mekanismoak eta alternatiba askatzaileak: kapitalismoa, kolonialismoa, patriarkatua, sozializazio prozesuak, begirada kritikoak, estrategia askatzaileak…

Gaitegi osoa deskargatzeko klikatu hemen

EGUTEGIA

Ikastaroaren zati presentziala 2017ko irailaren 29an hasi eta 2017ko maiatzearen 6 an amaituko da, ikastaro osteko sistematizazio lanez ere osatuta dago ikastaroa. Guztira bederatzi hilabete irauten ditu eta une presentzial zein ez-presentzialez osatuta dago. Une presentzialak asteburu osoko bost saio izango dira, ostiral arratsaldetik igande arratsaldera arte. Hona hemen egutegi zehatza:

  • 1. saioa: irailak 29, 30 eta urriak 1
  • 2. saioa: azaroak 17, 18 eta 19
  • 3. saioa: urtarrilak 26, 27 eta 28
  • 4. saioa: martxoak 16, 17 eta 18
  • 5. saioa: maiatzak 4, 5 eta 6

Saio bakoitza Euskal Herriko txoko ezberdin batean egingo da eta herri mugimenduekin lotura duten aterpe edo guneak erabiltzen saiatuko gara.

DEDIKAZIOA

Esan bezala, bost saio presentzialez osatutako ikastaroa da hau. Horietan parte-hartzeaz gain, ikastaroko partaide orok saiotik saiora egiteko ezberdinak izango ditu. Oro har, hauek izango dira zeregin nagusiak:

  • Saio presentzialetan parte-hartzea: asteburu osoko bost saio, ostiral arratsaldean hasi eta igande arratsaldera arte luzatzen direnak.
  • On-line bidezko jarraipena egitea: foroetan parte-hartu, moodle-eko baliabideak landu, baliabideen kutxa osatu…
  • Etxerako lanak egitea: euskarri ezberdinen lanketa egitea (irakurgaiak, filmak, hitzaldi-bideoak,…) eta jarduera zehatzak burutzea (hausnarketak, formaziorako baliabideen bilaketa,…).
  • Ikastaroaren koordinazioaren ardura hartzea: ikastaroa partaide guztion artean eraikiko dugunez, lurraldekako azpitaldeak egongo dira asteburuetarako beharrezkoa dena lotzeko (azpiegitura beharrak, erosketak, gaitegia eta metodologia zehaztea,…). Azpitalde hauek, e-mail bidezko koordinazioa egiteaz gain, bilerak egin beharko dituzte ere urritik hasita maiatzera arte. Bilera hauen maiztasuna egitekoen arabera azpitalde bakoitzak erabakiko du.
  • Ikastaroaren sistematizazioa egitea: ikastaroko saio presentzialak behin bukatuta, batu den material guztiarekin, bolondres talde batek ikastaroan jasotako guztia batu eta formatu ezberdinetan jasotzeko lanka hartuko du.

Kasu! ikastaro honetako partaide izateko beharrezkoa da zeregin hauek egiteko borondate eta disponibilitate izatea.

PREZIOA

Ikastaroak 180 euro balio ditu. Prezio horrek, bost egonaldietako otordu eta alojamendu gastu guztiak barnebiltzen ditu.

EMAN IZENA!

Ikastaro honetako partaide izateko ondorengo GALDETEGIA betetzea beharrezkoa da. Galdetegia bidali ostean jarriko gara zurekin harremanetan. Izena emateko aukera uztailaren 15 arte egongo da.

EGIN KLIK HEMEN

Aurreko edizioetako ARGAZKI GALERIA

 borbor2017-2018_altua