Prozedura feministak: ezagutza, ikerketa eta herrigintza IKASTAROA

Kaixo lagunak!

UEU eta Emagin elkarteek antolatu duten  Prozedura feministak: ezagutza, ikerketa eta herrigintza ikastaroan parte hartuko dugu azaroak 10 eta 11an.

Betidanik izan dute mugimendu sozial zein elkarteek haien ezagutza-arloan sakontzeko eta ikerketak bideratzeko grina, baina, azken urteotan, interes hori areagotu dela uste dugu; ikerketa interbentzio eta eraldaketa sozialerako ezinbesteko estrategia bilakatu da eta zapalkuntzak ikusgarri egiteko tresna paregabe bihurtu da. Alta, unibertsitateko testuinguruetan gertatzen dira ikerketa gehienak eta ezagutza bertan bakarrik garatzen dela uste du gehiengoak. Eremu horretan dagoen tradizio positibistaren nagusitasunak zein ikertzaileen artean dagoen konpetentzia eta indibidualizaziorako joerak zaildu egiten dute ikertu eta ezagutzen dena jendartearen eta, bereziki, herrigintzan dihardutenen mesedetan jartzea.

Ikastaro honetan, ikerketa eta metodologia feministek eskaintzen dituzten ikerketa-tresna berriak ezagutzeko tartea eskaintzeaz gain, ezagutzen trukea eta horizontaltasunean eta kidetasunean oinarritutako jakintzen eraikuntza nola garatu aztertu nahi dugu. Halaber, egun ikerketa eta herrigintzaren esparruan dauden egitasmoen ezagutza bultzatu eta horien arteko saretzea bermatzeko beharrezkoak ditugun tresnak identifikatu nahi ditugu.

Ikerketa eta ezagutza feminista herrigintzatik birpentsatu nahi ditugu eta, era berean, herrigintza ikerketa eta ezagutza feministatik aldatu nahi dugu.

Hain zuzen, azaroak 11an,  Eraldaketarako ikerketa-esperientziak mahai inguruan parte hartuko dugu Itziar Gandarias, Miren Guillo eta Katakrak-eko lagunekin batera. Bertan partekatuko dugu Herri jakintzen Laborategia martxan ipini aurretik egin genuen gogoeta (formazioaz, jakintzez, ikerketez…). Lehen pausu bezela Bor-Bor K ipini genuela martxan eta Prozesua nola egin eta abiatu genuen.

IZEN EMATEA ETA INFORMAZIO GEHIAGO:

http://www.ueu.eus/ikasi/ikastaroa-ikusi/1101/Prozedura%2Bfeministak%253A%2Bezagutza%252C%2Bikerketa%2Beta%2Bherrigintza