Pil-pilean ikastaroaren 2. asteburua – Beizama

By
In Eskuma

PIL PILEAN BEIZAMAN: HAMAIKA KOLOREKO BETAURREKOAK ERAIKIZ GURE TALDEETAKO ASIMETRIAK OREKATZEKO AHALEGINEAN

Azaroaren 17, 18 eta 19an Euskal Herriko herri mugimendu ezberdinetan gabiltzan kideez osatutako talde ederra batu ginen Gipuzkoako erdigunea den Beizama herrian, bakoitza bere ertzeko herri edo hiritik kurba askoren ostean erdigune lasai eta goxo horretara iritsi ginen. Bertan egon gara hiru egunez bakoitzaren buruhausteak konpartitzen, herri mugimenduetan izandako bizipenak, ideiak, jatorduak, dutxak, dantzak eta oheratu aurreko besarkadak.

Ostiral arratsaldean, bertan kokatzeko bakoitzak berarekin zekartzan egonezinak globo bat puztuz hustu eta lehertu ostean (hasiera itzela), kolore ezberdinetako betaurrekoetatik gure egunerokoan begiratu ohi ez diogunari begiratzen aritu ginen. Begirada kritikoa zorroztu asmoz pentsamendu bakarretik hamaika koloretako betaurrekoak jantzita eramateak dakarrenaren inguruan elkarrekin gogoetatuz ibili ginen.

38540307296_578eaa51c5_k

Larunbat goizean koiuntura analisia zer den eta zertarako den ezagutzeko aukera izan genuen, momentu honetan gure inguruan pil-pilean dauden 4 adibide praktikorekin analisi hau egiteko giltzak ikasiz: zeintzuk dira gertakari esanguratsuak? Zeintzuk eszenatokiak? Aktoreak? Indar harremanak? Eta aurrera begira zer? Oinarrizko galderetatik abiatuta.

38597542871_27449de4d1_k

Sabela, gorputz eta energiak ondo elikatu ostean sukaldari talde zoragarri baten esku eta gorputzetik, arratsaldean gure taldeen aniztasunaz edo aniztasun ezaz ohartu eta taldeetan ematen diren barne-asimetriak identifikatzen aritu ginen.

Igande goizean honi jarraipena emanez pertsona, taldea eta proiektu politikoaren artean sortzen diren desorekaz eztabaidatu eta orekatzera bidean tresnak aurkeztu genituen, zailtasunak konpartituz eta horretan sinetsiz indarguneetan motibatuz.

Gaueko jolasek, karaokeak eta elkarrizketek besteak beste elkar ezagutzeko aukera gehiago eman ziguten eta bagoaz taldea osatzen.

Buru eta gorputzak astinduta eman genion bukaera asteburu intentsuari, Garaionen piztu genuen suari indartzeko putz eginez, su txiki bakoitzari garrantzia emanez.

IMG_20171119_162213

Idatzi iruzkina