FORMAZIOA

H

erri Mugimenduok gure lan gaitasuna indartu eta biderkatzeko, gogoeta eta elkarlanaz gain, gure burua bitarteko ezberdinez hornitzeko beharra dugu. Eta hortxe kokatzen dugu formazioaren premia zahar-berria. Formazio ideologikoa, historikoa (transmisioa), metodologikoa, teknologikoa, emozionala… asko dira, gure ustez, formazio bidez landu beharreko eremuak, formazio politikoa punta askotako izarra dugula uste baitugu.

Sarri azpimarratu izan ohi dugun bezala, metodologia ere politikoa da. Formak, moduak, politikoak dira. Zer egiten dugun garrantzitsua bada, nola egiten dugun ere kontuan hartu beharko dugu. Formazio prozesuetan dinamika askatzaile eta parte hartzaileek jabekuntza prozesuan laguntzen dute eta horizontaltasunak autonomian eta botere harremanen berdefinitzean eragina izaten du.

Jakintzaren eraikuntza kolektiboa ardatz, herri mugimenduetan sortzen diren jakintza eta ezagutzen ikusgarritasun eta errekonozimenduaren aldeko apustua egiten dugu.

Formazio politikoa ikuspegi honetatik lantzen dituzten egitasmoak sustatzea dugu xede eta horretan dihardugu.

Formazioa
Formazioa
Formazioa
bor-bor_logoa

Zer da Bor Bor (K)?

Egitasmo honek Herri Mugimenduen saretzea, elkar ezagutza eta esperientzien trukea bultzatzeko elkargune bat izan nahi du. Mugimenduen eragiteko ahalmena zein jakintzak sortzeko gaitasuna hobetzea ipar izanik, herri jakintza teoriko zein praktikoak iturri izango dituen formazio eredu askatzaile baten bidean urratsak emateko ahalegina alegia.

Jakintzaren Eraikuntza Kolektiboa du oinarri formazio proiektu honek eta bertatik jardungo du formazio politikoa berrezaugarritzeko asmoz. Bide horretan, jakintzak egi anitzetatik eraikitzeko bitartekoak jarriko ditu. Eta beraz, esperientzia eta praktikei lekua eginez, formazio politiko integrala sustatuko du (ez soilik transmisio ideologiko/historikoa).

Herri eragile anitzen partaidetzatik eta zapalkuntza guztien ikuspegitik egin nahi dugu bidea. Eta horretarako zapalkuntzen intersekzionalitatetik abiatuz, borroka eta zapalkuntzen hierarkizazioa baztertuko ditugu hasieratik.

Pentsatu, izan eta ekitearen berriztapenean sakontzea ere du xede BOR BOR (K)k. Militantzia Kultura askatzaileagoen bidean urratsak eta hausnarketak ematea alegia. Zentzu horretan, ahalduntze pertsonal zein kolektiboa sustatuko duten metodologiak formazio prozesu osoan zehar-lerro izango dira.

Eraikuntza kolektiboa

Proiektu hau 2014 eta 2015 urteen artean formazio politikoari buruz garatu genuen gogoeta kolektibo baten emaitza da. Gogoetaren bide hori, formazioaren alorrean aritu eta aditu diren Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera hasi nahi izan genuen (GITE-IPES, Emagin, Urtxintxa-Bizkaia, Ipar Hegoa Fundazioa, UEU, Manu Robles-Arangiz Institutua eta EHNE-Bizkaia), eta horrela, 2014ko udaberrian, eragile horien esperientzia eta bizipenak ezagutzeko eta kezka komunak konpartitzeko parada hartu genuen. Urte horretako UEUren udako ikastaroen baitan egin genuen saio batean kontaketa horietan jasotako guztiak plazaratu ahal izan genituen eta bertaratu ginenon bizipenetatik abiatuz, formazio prozesuetan izandako hutsuneak aztertzeari ekin genion. Saioak aurrera egin ahala hutsune horiek erronka bihurtu zitzaizkigun eta horri esker egitasmo honen lehenengo helburuak zehaztu ahal izan genituen.

2014ko udazkenean herri mugimendu eta eragile gehiagorengana hurbiltzen saiatu ginen eta horretarako EHko bost hiriburutan hainbat lan saio burutu genituen. Bilera horietan BOR BOR (K)k jorratu beharko lukeen gaitegiaz zein izan beharko lituzkeen formatu ezberdinez eztabaidatzeari ekin genion. Hortik aurrera, helburuak, formatua, gaitegia, partaideen ezaugarriak eta abar are eta gehiago definitzeko aukera izan genuen, 2015eko otsailean Donostian burutu genuen “Lapikoa sutan da!” jardunaldia definizio fase horren inflexio une bilakatu zelarik. 2015eko udaberrian beraz, prozesuan jasotako ideia ezberdinak uztartzen zituen lehen proposamen bat osatu genuen. Txikitik hasi nahi izan genuen, urratsez-urrats, eta horren emaitza 2015eko irailean hasi zen eta herri eragile ezberdinetako 30 kidek osatu zuten ikasturte bateko ikastaroa izan zen.

2017/18 ikasturtean ikastaro horren hirugarren edizioari ekin diogu, aurten izen propioa jarrio diogularik: pil-pilean ikastaroa.

Baina BorBor(K) Herri Jakintzen Laborategia ez da ikastarora mugatzen, ez. Laborategian esperimentu gehiago nahi genituen eta horretan ari gara…

· Biltokia. Ikastaroetan erabili eta ikasi ditugun material, dinamika eta bestelako erramintak jendarteratzeko dugun eta hobetzen ari garen erraminta kutxa birtuala.

· Gatza eta Perrexila. Ikasturte honetan prozesu partehartzaile berria abiatuko dugu, herri mugimenduek dinamizazio eta fazilitazio ikastaroa eskatu dute eta gure mugimenduetan baliogarria izango den ikastaroaren diseinua abiatuko dugu; 2019an ikastaroaren lehenengo edizioa izatea espero dugu.

· Bazkalondoa. Bidean ikasi dugun guztia jendarteratu eta konpartitu nahi dugu, horregatik ikasketak idatziz ipini eta sistematizazio lanak egiten ari gara.

· Murtxikatuz. Formazio politikoa berrezaugarrituz, hemengo eta munduko proposamenak ezagutu nahi dituen eztabaida taldea da; talde honek eztabaida piztu, zabaldu eta jardunaldiak antolatuko ditu.