Pasa den ekainaren 4ean Atxiki dezagun oraina! eguna ospatu genuen Bergaran. 2016an herri mugimenduok ditugun erronka komunez elkarrekin gogoetatzeko zein jai giroan modu atseginean egoteko unea izan zen: lagun, kolaboratzaile eta abarrekin bilduta, espazio ez formal batean esperientziak trukatzeko eta elkarrekin dantzatzeko hain zuen ere. Finean, azken urteetan lanean ibili izan garen kide ezberdinekin berriz topatzeko momentua izan zen Eta horregatik, borroka den bide horretako topagune ibiltari gisa izendatu genuen eguna.
Goizean, “Herri mugimenduetako kultura politikoak” izan genituen aztergai. Horretarako gainera, Zigor Olabarria aktibista, Itziar Gandarias ikertzaile eta aktibista feminista, Mauge Cañada Arterra Bizimodu proiektuko kidea eta Julen Zabalo aktibista eta EHUko irakaslea izan genituen gai horren inguruko ertz ezberdinak mahai gaineratzen. Aliantzak, Desobedientziak, Gatazkak eta Biolentziak izan genituen besteak beste hizpide. 40 bat lagun inguruk hartu genuen parte gogoetan eta eguerdiko 14:00ak arte hantxe aritu ginen talde handi zein txikian gai honen inguruko iritziak partekatzen.
Eguerdian bazkari herrikoi eta bazkaloste animatua izan genuen Ane Labaka eta Amaia Iturriotz bertsolarien eskutik. Eskualdeko baserritarren produktuak dastatu ostean hamaika gairen bueltan errimatu behar izan zutelarik bi bertsolari gazteek: herri mugimendua vs gerri mugimendua, talde lana, konpromisoa eta zaintza, Oxford metodoa, horizontaltasuna…
Arratsaldeko 18:00tan egunaren lehen zatiari amaiera emateko ekitalditxo xumea antolatu genuen. Azken urteetan mundu mailan zein EHan herri mugimenduoi eragiten dizkiguten gertakariak laburbiltzen zituen pare bat olerki eta bideo entzun eta ikusi ostean (ikusi ekitaldiko bideoak hemen klik eginez Nazioartean zer? eta EHan zer?), azken urteetan elkarrekin lan egin dugun herri ekimenen lana eskertu eta balioan jartzeaz gain, gu geuk egin dugun lanaren balorazioa eta aurrera begirako erronkak azaltzen saiatu ginen. Hona hemen esandakoak:
“Ekitaldian zehar, lengoai ezberdinen bidez azken urteetan mundu mailan zein Euskal Herrian eman diren baldintzen aldaketa marrazten saiatu gara. Aro horretan bertan hasi baitzen oinez eraberritutako Joxemi Zumalabe Fundazioaren proiektu eta taldea. Lotzen gintuzten oinarri ideologikoetatik abiatuz, pixkanaka egin dugu bidea. Gure asmoa, txikitik handira aritzearena izan da. Egingarriak otu zaizkigun ekarpenei lotu eta unean une izan ditugun gogo eta indarretatik aritu gara.
Itzelezko planifikazio estrategiko mardula osatu gabe izan bada ere, Euskal Herriko herri mugimenduen NOLAKOTASUNEAN eragin nahirik ibili garela ikusi dezakegu atzera begiratzen badugu. Gure eguneroko praktiken gainean begirada kritikoa pausatuz eta praktika horiek gidatzen dituzten ikuskerak kuestionatuz. Horrelakoa izan da, gure gogoeta, prozesuen dinamizazioa eta formazio politikoaren hiru lan ildoetan egin ditugun ekarpenak.
-
Gogoetan, militantzia ereduak eta barne funtzionamendua jarri ditugu ezbaian.
-
Prozesuen dinamizazioan, elkarrekin egon eta ekiteko diren aliantzak zein elkarlanak eraikitzeko beste ereduak saiatzen ibili gara.
-
Formazio politikoan, ezagutza kolektiboa sortu eta sozializatzeko ereduak martxan ipini nahirik egon gara.
Herri mugimenduen uste eta praktiken errebisio aroa ere izan den honetan, galdera berriak egiten saiatu gara, leku komunak kuestionatzen eta bereziki ibili gabeko bideak proposatzen. Galderen erantzunen jabe ez garela jakitun, kolektiboki horiek erantzuteko gune eta tresnak eskaintzea izan da gure erronka. Apustu umil bezain ausarta. Izan ere, errebisio eta kritiken aroa izan dugu hau. Eztabaida berriak sortu dira. Herri ekimenek lehen problematizatzen ez ziren gauzak problematizatu dituzte, helburu berdinetara iristeko bide berriak bilatzen dituzte. Atzo egia zenak gaur ez du balio dio Anari-k. Giro horretan, gurea egia bakar eta mugiezinak hausteko saiakera izan da.
Herri mugimenduekin, Herri Mugimenduentzat eta Herri mugimenduetatik aritzeko bokazio eta hautu politikotik gertu egoteko asmoz jardun dugu. Hori dela eta, Herri Mugimenduek beraien autonomia, autosufizientzia, sormena, artikulazioa, pluraltasuna, hedapena eta gaitasuna biderkatzeko tresna eta baliabideak sortzen saiatu gara eta saiatzen jarraituko dugu. Esperimentazioan aritu gara, intuizioei leku nabarmena eginez, urratsez urrats erritmo geldoan arituz… eta bereziki hemen zaudeten eta arrazoi ezberdinengatik falta diren kide eta eragileekin ikasketa eta ebaluazio prozesu etengabean. Bide horretan, konplizitate, egitasmo eta kuestionamendu berriak etorri dira. Ezin eskertu eta zoriondu gabe utzi beraz, egunero egunero eskuinetik ezkerrera bazterrak nahasten eta bizi-herri-mundu berriak marrazten diharduzuen konspiratzaile langile tematiok zareten guzti horion ekarpena. Ondo eta ez horren ondo egindako lan andana guzti hori baita eszenatoki berrietara eramango gaituena.
Behin, Ameriketako bide lagun bati entzun genion, itxaropena elikatzea ez dela ondo goazela esatea, horrela joan ez goazenean. Itxaropena elikatzea, une eta leku bakoitzean egoki eta emankorren deritzogun bidean gaudela pentsatzea dela baizik. Guk egin dugun bideari eta zuon harrera eta emaitzei beha, horrela ari garela sentitzen dugu. Mila esker eta Atxiki dezagun oraina!”
Azkenik, ikasturte honetako BOR BOR (K)ko partaide izan diren kide batzuk bestelako lengoai eta moduekin euren hondar aletxoa jarriz, olerki, dantza eta kanta ederrekin eman zioten amaiera ekitaldiari.
Eta nola ez, gauean egunari amaiera emanez gorputzak astindu eta dantza egiteko kontzertuak ez ziren falta izan: VINAGRE DE MODERNA, ZARZAPARRILLA eta MARIBI Djs.
Hurrengo topaguneren batean berriz ere elkar topo egingo dugula espero dugulakoan agurtzen gara. Bitartean, jarrai dezagun oraina atxikitzen!!!