Adiorik ez Zesar, besarkada bat eta garaipenera arte!

“Haizeak dantzan daramatza gaur hamaika hitz
mintzo direnak uraz, suaz, herriz eta mendiz.
Harrapaezin den doinu aske hau
eskaini nahi dizugu gaur, Zesar,
lagun maite hori.

Urak mundualdi bat marrazten du
zuhur, jauziz, arin.
Suaren auska garrak
pizten ditu gorri, irri ta grin.
Herriak besarkatzen
garaipen ta min.
Mendiaren ondare kolektiboa
garaitezin.”

Hori izan dugu dantzarako doinua eta, izan ere, gaurko haizeak dozenaka kide ekarri ditu Gernikako Astra espaziora Zesar Martinez gure lagun eta kidearen omenaldia ospatzeko. Eguerdiko 12etan hasi den ekitaldi berezian, Joxemi Zumalabe Fundazioko eta hainbat Herri Mugimendutako eragileek azken agurra eman diogu 1958an Barakaldon jaiotako eta bere bizitza osoa herriaren alde lan egiten emandako kide kuttunari.

Ekitaldia maitasun eta dolu ariketa kolektboa izan da, eta bertan Zesarren kide, lagun, senide eta ingurukoek azken agurra eman diogu bizkaitarrari. Ekitaldiak Zesarren bizitzaren oroimenerako dinamika ezberdinak, azken agurrerako momentuak, hainbat eragileren hitzartzeak… eta beste hainbeste barnebildu ditu, baita hainbat sorkuntza momentu ere. Omenaldi hau prestatzeko zalantza ugari egin dugu, ohartu baikara oro har, gure jendartean, unea heltzean, ez dakigula maite ditugunak nola agurtu. Hartara, ariketa politiko bat egiten saiatu gara gaur, ohiko omenaldietatik aldenduz eta emozioei, errituei, ariketa kolektiboei eta magiari ere bide emanez.

Zesarrek Komite Internazionalistaken hasi zuen bere ibilbide militantea, eta 18/98 makrosumarioaren garaian batu zen Joxemi Zumalabe Fundaziora. Garaian, Euskal Herriko Herri Mugimenduaren aurkako ankerkeria handienetarikoa izan den epaiaren aurkako protestan aritu zen, besteak beste, autoinkulpazio kanpainak bultzatuz. Horren ostean, JZFren proiektu berriaren sortzaileetako bat izan zen ; halaber, beste hainbat Herri Mugimendutan murgildu zen, esaterako, 2018an Sare Herritarak antolatutako urtarrileko mobilizazioaren bozeramailea izanik, egungo bizitokia zuen Larrabetzuko Gurpide elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduko kide izanda edota Bilboko San Frantzisko auzoko Telefonica zaharreko eraikinean zentro komunitario bat sortzeko prozesuan aktibo egonik. EHUko Soziologia eta Gizarte Langintzako saileko irakaslea zen eta, nola ez, bere lan akademikoa ere herriaren eta Herri Mugimenduen mesedetan kokatzen zuen. Horren erakusle da gaurko ekitaldiaren etxe izan den Astraren negoziaketa prozesuan egindako ekarpena, beste askoren artean.

Ekitaldi hasieran, Zesarren ibilbidearen kokapena egin dugu ; dinamika berezia baliatuz horretarako : bere bizitzaren alegoria den erreka baten irudi luzean, berarekin bizitako une kuttunak gogoratzeko oroitzapenak eta mezutxoak idatzi ditugu. Ostean, Joxemi Zumalabe Fundazioko kideek Zesarren omenez egindako ipuina irakurri dugu, Fundazioan eta kideen bihotzetan utzitako oroitzapenak malko eta barre artean gogora ekarriz.

Jarraian, hainbat Herri Mugimenduko eragilek hartu dute hitza, maitasunez, miresmenez eta oroitzapenez beteriko hainbat testu irakurriz, baita unean bihotzetik ateratakoak botaz ere. Zehazki, hurrengo eragileek hartu dute parte : Bizilur. Gurpide, Ehunka, Astra, Errekaleor, Sare Herritarra eta Peruko Herri Hezkuntzarako kolektiboa den La Caracolak. Horren ostean, aurreskua eskaini diote Zesarri, doinu horretan propioki idatzitako abestiarekin (ikus kronika honen sarrerako testua).

Ekitaldia bukatzeko, Zesarri azken mezuak bidaltzeko aukera izan dute bertaratutakoek ; aipatu magia eta erriturako unea izan da. Izan ere, ontzi batean sua egin dugu, bertan errez gure hitzak. Asmoa da errautsak Euskal Herritik barna haizeratzea, Zesarren txoko txukunetatik. Hitzak joan emozioak etorri, kantuan bukatu dugu, Hertzainaken Aitormena abestia eta Zumalabeko kideek idatzitako koplak elkarrekin abestuz. Euria eta eguzkiaren dinamika kolektiboak azken ikutua eman dio gaurko agurrari, ekaitzaren ostean barealdia omen datorrelako beti.

“Eta eskeru behar diogu

orain eskertzerik bada,

bere kideen eta prozesuen

zaintzarako begirada

(…)

Zesarrari Zesarrarena

nola eman behar diogun

gure bidean betiko gertu

izango zaitugu lagun !”

Omenaldian arimak astetuta, bestelako goseei eman diegu bide. Hala, Astrako espazio paregabeaz eta kideek egindako luntx izugarriaz gozatzeko aukera izan dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu sukaldariei, baita Astrako kideei ere, espazioa utzi eta emandako erreztasun guztiengatik.

Eskerrik asko Zesar, gutako bakoitzean landatutako haziagatik, bidean zehar utzitako momentu goxo, oroitzapen, irakaspen eta oroitzapenengatik. Ahazten dena bakarrik desagertzen da, eta zu ez zara sekula gure bihotzetatik desagertuko. Zuk irakatsi zenigun bezala, mundua eraldatzeko lanean eta borrokan jarraituko dugu beti, Herri Mugimenduetatik, Herri Mugimenduekin eta Herri Mugimenduentzat. Gure kide maitea, gure bihotzetatik zurera, eta, zuretik gure asanblada eta jaietara. Agur eta ohore, lagun, garaipenera arte !