AZKEN ASTEBURUA GARAION-EN!

Bor Bor(K)-ren azken asteburu honetan emozio eta arrazoiaren artean ekilibristak bezala aritu gara etengabean. Ostiralean Ozaetako Otaza auzoan, errealitatetik isolatu nahian bezala agertu ginen, prozesu honi hasiera emateko hartu gintuen Errekaleorren indarrez argia moztu zuten egun berean, 17 kilometrora baino ez. Hain hurbil eta hain urrun.

   mahai-

Dagoeneko talde bat gara eta asteburuz asteburu bajak gero eta gehiago nabaritu dira. Azken honetan hainbat izan dira hutsuneak, eta elkarren artean gehiago hurbildu behar izan dugu borobila itxi ahal izateko. Puerto, Fleury edo beste hainbat espetxetara joateko autobusetara igotzen ari ziren kideei ere musu bana helarazi genien, milaka kilometrora alegia. Hain urrun eta hain hurbil.

dinamika
Garaionen beraz, 20 urte luzez ingurune paregabe honetan bere erronka, zailtasun eta talka propioak gaindituz aurrera egin duen proiektu honen teilatupean, gureen aurrez aurre jarri ginen. Batera bizitakoaren errepasoa egin genuen, Errekaleor, Beizama, Astra eta Goñiko esperientziak, bertan izandako eztabaidak, egindako ariketak eta ateratako irakaspenak, prozesu osoa gogora ekarriz ekin genion asteburuari.
Larunbata harmonian abiatu genuen, mugimendu lasaiekin astindu ederra emanez gorputzari. Azken zelula ere esnaturik, zentzumenak prest, lan talde txikietan ikastaro honen hasieran definitu genuen gai-ardatzaren inguruko gogoeta egiten hasi ginen: militante bezala zeintzuk dira gure beldur nagusiak gure jarduera politikoan? Zein estrategia ditugu horiek kolektiboki lantzeko? Guzti horren lanketa oinarrizko galdera batekin abiatu genuen: Beldur politikoez ari garenean zertaz ari gara? Nola definitu ditzakegu beldur horiek? Banaka eta talde txikitan bildutako ideiak amankomunean ipini genituen plenario sortzaile eta dibertigarrian.

dibertigarrian
Irudimena eta umorea eraldaketarako ezinbesteko tresna direla gogoraraziz, Labezomorro Arrosek Harry Potterren unibertsora eraman gintuzten beldurrei aurre egiteko zenbait arau mantra gisa errepikaraziz. Ikasitakoak erakuste aldera, militante eredugarrien azterketa segurtasun neurri zorrotz eta poliziaren presentziapean egin behar izan genuen, barrez lehertzeko modukoa! Kalabaza banarekin besapean, eskulan eta sentipenekin saiatu ginen ondoren.

ondoren
Norbere beldurrak irudikatuz maskarak egin genituen, eta beste aldetik horietaz askatzeko moduak ere marraztu genituen. Eman beharreko hurrengo pausuak ezagutu arren ordea, ez da beti erreza izaten dantza hori jarraitzea.

maskarak

Paraje eder honetan bapo bazkaldu ondoren (txapo sukaldariak beste behin!), gure beldurrei aurre egiterako orduan besteen laguntzak, taldeak duen garrantziaz hausnartu genuen. Batzuetan txiki, beste batzuetan neurri gabe puztutako beldurrak era desberdinetan gorpuzten ditugu, eta elkarri lagunduta askatu genituen hainbat.

ilaran
Arratsaldeak aurrera egin ahala, Bor-Bor(K)-k duen laborategi izaera ahaztu gabe, beldurren aurrean erantzuten jakiteko tresnak eskaintzeko asmoz, simulakro bat bizi izan genuen. Era berean, beste diziplina batzuetako ezagutza eta tresnak gure talde eta proiektu politikoen beldurrak ekidin edo indargabetzeko baliogarri izan daitezkeela ikusi genuen.
Arratsaldea amaitzeko taldetan jardun genuen nola zabaldu eta helarazi Euskal Herriko herri mugimenduari beldur politikoen gai honen inguruan kurtso osoan zehar egin ditugun gogoetak eta proposamenak. Txosten idatziaren bitartez, adierazpen artistikoen bitartez edota modulu metodologiko baten zabalpenaren bitartez, aukera bakoitzaren ahuldadeak eta indarguneak aztertu genituen; eta baita proposamen horiek gauzatzeko hartu beharreko konpromiso pertsonalak eta taldearenak ere.

IMG-20170522-WA0002

Gaueko magia. Goxo afaldu ostean gaubela egin genuen suaren inguruan, lehendabizi norberaren beldurrak suan erretzeko aukera izan genuen eta, askapen sinboliko hori egin eta gero, dantza, solasaldi eta gaueko magiarekin gozatzeko denbora hartu genuen.

sua2 sua

Igandea, azken eguna. Azken azken eguna. Balorazioak egiteko unea, maila pertsonalean zein taldean Bor-Bor(K) honek eman duena neurtu eta hitzetan jartzeko unea. Irakaspen, hausnarketa eta zereginez bete izan ditugu motxilak asteburuotan. Esperientzia honetan aurrera egin ahala emozioei geroz eta leku handiagoa egin behar izan diegu ordea, eta azken honetan kremailera itxi ezinik ibili gara. Elkarrekiko esker ona nagusitu zen boteprontora. Egindakoaren balioa, egiteke dagoenaren ziurtasuna, bestelako eredu batengan uste osoa, gure indarrengan konfidantza… ondorio landuagoak patxadaz atera bitartean, arrasto erabat positiboa utzi du aurtengo Bor-Bor(K)-k.

agurra
Eta arrastoaz ari garela, Garaionen gurea ere utzi nahi izan genuen. Ate zabalik hartu gintuen etxe honetan, auzolanean gure aletxoa eskaini genuen ureztatze sistemaren muntaian eta horma bateko huntza garbitzen gure laguntza emanez.
Azkena izan da, baina hau ez da bukatu. “Ikusiko gara” artean agurtu genuen elkar.

Agur bakoitzean
aurkitzen gara
eta
adio bakoitzean
ahazten zaigu
nor garen
adiorik ez
laster arte

Ekhine Eizagirre