Borroka moldeak eta kultura politikoa herri mugimenduetan. Bi harri

Borroka moldeen inguruko eztabaidak ekintza eta estrategia anitzen abiapuntua izan ohi dira herri mugimenduetan. Joxemi Zumalaben gira eta buelta aritu gara egitasmo ugariren bidez (mintegiak, tailerrak, mahai-inguruak, barne gogoetak…) gai horien inguruan: aliantzak, gatazkak, biolentzia eta desobedientzia… hauek denak borroka moldeen eremuan kokatuz. Horren inguruan gogoetatzeko bi proposamen dakarzkigu eskuartean:

Aliantza esperientziak ezagutzen

Argiako lagunekin batera, bideo-elkarrizketa sorta bat osatzen ari gara.

Lehenengo alean, Irun aldean izan ginen Lakaxita eta Irungo harrera sareako lagunekin.

Bigarren alean, Bilbon izan ginen, Bakearen etxean, gerraren aurkako eta mugimendu antimilitaristako hainbat kiderekin.

Hirugarren alean, Tafallan izan ginen Huerta de Peraltako langileen borrokari heldu genion:

Gatazkak aztergai

Aurkeztu nahi dugun liburuxka berri honetan, gatazka sozialen inguruko hausnarketan sakontzeko aukera luzatu nahi dizuegu.

Izan ere, gatazkez ari garenean, ikuspegien talkez, botere harremanez, aldaketa sozialak sortzeko aukerez eta baita herritarren zein erakundeen sakoneko egoera aztertzeko bideez ere dihardugu. Gatazkak ezin dira desagertu, ezkutuan edo agerian beti izango baitigu alboan. Eta hauek aztertzeko tresnei zein etorkizunera begirako erronkei heldu nahiko genieke. Aktibismorako estrategiak pentsatzen, proposatzen eta adosten ari garenean horien iraunkortasuna, eraginkortasuna eta aldaketarako gaitasuna aztertzea interesgarria izan daitekeelakoan gaude.

Liburuxka hau tresna moduan zabaltzea gustatuko litzaiguke. Alde batetik, gaur egun Euskal Herrian gatazkak non eta nola gauzatzen ari diren aztertzeko. Eta bestetik, eskala txikiagoan, gatazken aurrean gure mugimenduaren estrategian pausatzeko galderak egiteko.

Giro sozio-politikoa nolakoa da gatazkei dagokionean? Tentsio politiko soziala jaitsi egin al da? Bake prozesuak nola eragin du herri mugimenduen ekintza eta estrategietan? Ezkerreko erakundeen instituzionalizazioak? Konfrontazioa estrategia moduan saihesten al dugu? Iraganeko borroka-logikek zein pisu dute gure egungo estrategietan? Gatazka berriak piztu al dira?Zeintzuk dira bizitzen ari garen gatazken sakoneko arrazoiak? Zein(tzuk) d(ir)a gure estrategiaren helburua(k)? Zer nolako aukerak eta baliabideak ditugu aurrera egiteko? Eta nolako testuingurua dugu? Nortzuk bildu gara gatazka hori ikustarazi nahian? Nolako eraginak izan ditzake, zertan eragiten du? Arau soziala edo legeak eraldatzeko gaitasuna al dugu? Eta berriak sortzekoa? Eragin zuzenak al ditu pertsona batzuen egunerokotasunean? Zein bide erabiliko dugu etorkizunean izan ditzakeen ondorioak kolektiboki kudeatzeko?”

Liburuxka deskargatzeko klik hemen

Liburuxka hainbat liburudendetan dago salgai (kaxilda, katakrak, zirika, anti-liburudenda…), zure bizilekutik hurbil ez badago, idatziguzu helbide honetara: komunikazioa@joxemizumalabe.eus

Berrian egin ziguten elkarrizketa  hemen

Irratian egindako elkarrizketa hemen