Hurrengo egunotan, nazioarteko misio batean parte-hartuko dugu Hondurasen, Euskal Herriko beste erakunde batzuekin batera. Bidai honen helburua jazarpenaren eta mehatxuen biktima izateagatik Euskal Herrian 2016. urtean artatuak izan ziren pertsonen egoera ezagutzea da, baita herrialde horietan gertatzen diren giza eskubideen urraketak eta alor horretan egondako aurrerapausoak tokian bertan aztertzea ere.
Programak “Comité de Familiares de Detenidos Desaparecidos de Honduras” (COFADEH*) eta “Instituto Ecuménico Hondureño de Servicios Comunitarios” (INEHSCO*) delako elkarte hondurastarren giza eskubideen aldeko bi aktibista artatu zituen iaz. CEAR-Euskadi erakundeak du Programa garatzeko eta kudeatzeko ardura.
Bidaiak, pertsona horien babes-sareak sendotzeko aukera izan daitekeela uste dugu, baita nazioarteko babesa ikusgai egiteko ere. Horretarako, elkarte, mugimendu eta erakunde hondurastar ugarirekin batzartuko gara, euren egoera, aldarrikapenak zein giza eskubideen egoeraren inguruko informazio bildu eta erakundeei helarazi ahal izateko.
Hainbat herri mugimendu eta erakunderekin bildutako esperientziak kronika laburren bidez jasoko ditugu. Baita sare sozialen bidez ere. Izango duzue gure berri!
@joxemizumalabe
#ezdezagunahaztuhonduras
joxemizumalabe.eus
Info gehiago: http://www.irekia.euskadi.eus/es/news/40116-gobierno-vasco-encabeza-una-delegacion-seguimiento-los-derechos-humanos-honduras
*COFADEH elkartea 1982. urtean jaio zen, segurtasun nazionaleko doktrinaren aplikazioaren testuinguruan. Aipatuak gizartearen militarizazioa ekarri zuen eta botere publikoak Indar Armatuen mende utzi zituen. Derrigorrezko desagerpenen biktima ziren 12 familiak sortu zuten elkartea, Estatuak desagerrarazi zituen beren ahaideak bizirik aurkitzeko helburuarekin. INEHSCO elkarteak, bere aldetik, komunitate-mailako zerbitzuak eskaintzen ditu eta bere helburu nagusia da bizitza defendatzea, behinolako elikadura eta osasun kultura berpiztuz, bai eta nekazaritza ere. Herrialde hartako elkarte ezberdinekin batera lan egiten du militarizazioaren, transnazionalen eta zapalkuntzaren aurka borrokatzeko, lurralde indigenak defendatzeko, etab.
–