Hondurasera bidaia 2. kronika

Tegucigalpara bidaia

Uztailak 18

Bigarren eguna oso hunkigarria izan zen, gehienbat, COFADEH egoitzean egon ginelako kronika hortik abiatu dugu.

COFADEHko egoitzan bilera eta afaria egin eta bertan jende izugarria ezagutu genuen. Oso interesgarria izan zen bisita, eta batez ere, oso hunkigarria. Aurrez Euskal Herrian ezagutu eta artatu genuen aktibistaren/kolektiboaren borroka, beldurrak, erronkak bertatik bertara ulertzeko baliagarria egin zitzaigun bisita. Hainbeste entzun izan dugun espazioa aurrez aurre ezagutu, usaindu, ukitu, sentitu eta bizitzea benetan pozgarria izan zen guretzat. Eskertzekoa da eta oso motibantea da bizitzen ari diren egoerari aurre egiteko duten duintasuna eta umiltasuna.

Bertan Sala de Memorias Vivas deitzen dioten gela bisitatu genuen, bertan 1980-1993 urte bitartean desagertu ziren pertsonen argazkiak jarrita daude, baita familiakoek erabilitako pankartak ere. Haien atzoko eta gaurko leloa “vivos los llevaron, vivos los queremos” da. Espazio hori erakundearen sorrera gogoratzeko gune oso berezia da. Memoria berreskuratzea zein garrantzitsua den, behin eta berriz, azpimarratu zuten.

Egun honetan ere Comisionado Nacional de los Derechos Humanos-Norte-ekoek (“herritarren babesle” moduko bat) batu ginen eta herrialdea nola dagoen azaldu ziguten haien prespektibatik, baita hainbat datu eman ere:

  • San Pedro Sula da hiririk biolentoena: pandilla-mara ugari daude, narkotrafikoaren korridorea bertatik pasatzen da (hegoaldetik dator droga eta AEBtara doa)…

  • Bortxazko desplazamenduak izugarri ugaritu dira. Adibidez, marak etxeetara joaten dira eta esaten diete “24 ordu dituzue hemendik joateko, ez bazoazte akatuko zaituztegu”. Jende asko jada ez doa herrialdeko beste eremu batzuetara, herrialdetik doa zuzenean, marak asko zabaldu direlako. Migrazioak zein dimentsio duen ikusteko, datu batzuk hemen: astero deportatuz betetako lau hegazkinek AEBtatik Hondurasera heltzen dira, baita autobus ugari Mexikotik ere.

  • Bizitzaren aurkako 100 delitutik %5 bakarrik iristen dira epaitegietara, baina ez dago jarraipenik eta ez dakite nola amaitzen diren.

  • Jendeak ez dauka konfiantzarik polizian, ez dutelako sinisten instituzioetan, badakitelako salatzerakoan filtrazio ugari daudela (eta ondoren jarraipenak eta hilketak ere bai).

  • Segurtasun pribatua izugarri areagotu egin da eta leku guztietan daude. Ideia bat egiteko momentu honetan, polizia eta militarrak baino segurtasun pribatu gehiago dago.

  • Estatu kolpetik egoerak okerrera egin du zentzu guztietan. Informazio eta hedabideen kasuan adibidez, egoera oso larria da, 2009. urtetik 80 kazetari erail dituzte.

 

LSGS ANRK