Hasi da esperimentu berriko saltsa loditzen! Hasi gara pil-pilean! Pasa den asteburuan Bor Bor (K) Herri Jakintzen Laborategiaren baitako ikastaroaren hirugarren edizioa abiatu genuen.
Hitzordu honetarako aukeratutako lekua Ozaeta herriko Garaion Sorgingunea izan zen. Ederra izan zen udari agurra leku eder honetan ematea, eskerrik asko bertako sorginei beti bezain ondo zaintzearren dena, sor-guneak makina bat ideia eta kezka berri piztu zizkigun eta! Ezin ahaztu, ikastaroan gure tripak goxotzeko izan ditugun inguruko jakiak, eskerrik asko Ereindajan, Galartza eta Ozaetako baserritarrei!
Ikastaroko edukiei dagokionean, lehen saio honetako helburua ikastaro honetan partaide izango diren kideen elkar ezagutza sustatzea zen. Eta horrez gain, baita ikastaroaren nondik norakoak azaltzea ere: Herri Hezkuntzaren proposamen pedagogikoa, nola antolatuko garen, zein zeregin izango ditugun kurtsoan zehar, zein izango den kurtsoaren ardatz nagusia…Tartean, bisita interesgarria izan genuen. Lurralde askea, Bilgune feminista eta LABeko kideen eskutik mahai-inguru interesgarrian aritu ginen, herri mugimenduen egungo koiunturaz hizketan.
Asteburu osoan zehar giro aparta izan genuen… Ikastaroa hasi dugun honetan, saku bete ilusio eta gogo nabari dira taldean. Eta hori oso garrantzitsua da, izan ere, aurrera begira horiek izango baitira formazio prozesu hau eusteko ezinbesteko elementuak.
Abentura hasi dugu jada! Azaroan burutuko dugun hurrengo saioa eta gero jarraituko dugu aurtengo esperientziari buruz berri ematen.
Bitartean asko zaindu!
Ikusi hemen argazki guztiak.