GATZOZPINDU IKASTAROA- LARRAULEKO KRONIKA (2. saioa)

Bagabiltza Gatzozpindu dinamizazio politikoaren inguruko ikastaroa egosten! Bor Bor (K) Herri Jakintzen Laborategiaren esperimentu hau ere badabil bere fruituak ematen! Horretarako apilireko jai egunetan 4 eguneko saioa egin genuen Larrauleko paraje ederretan.

Asteazken goizean elkartu ginen bertan, eta hasierako besarkadak eta agurrak elkarbanatu ostean gorputza mugituz eman genion hasiera saioari. Adierazpen artistikoaren bidez bertan biltzen garen kolektiboen murala osatu ostean, konfiantzazko ariketa batzuekin giro bero bat sortu eta azkeneko hilabeteetan parte garen taldeetan aurrera eraman ditugun praktikak elkarbanatu genituen, zalantzak eta ezinegonak mahaigaineratuz, eta ospatu beharreko horiek ospatuz.

Partaidetza eta aniztasunaren gaiari heldu genion arratsaldean. Parte hartzen dugun herri mugimenduetan dagoen (edo ez dagoen) aniztasunari fokoa jarri nahi izan genion, hori kontuan hartuta gure kolektiboetan horizontaltasunaren eta partaidetzaren bidean baliagarriak izan daitezkeen tresna batzuk elkarbanatuz eta gure kolektiboetan lurreratzeko saiakera eginez.dav

Goxo afaldu eta lo egin ostean indartsu hasi genuen eguna gaiak hala eskatzen zuelako: gure taldeetan izaten ditugun gatazkei heldu genien. Gatazkak zer diren eta erroak hobeto ulertzen saiatu ginen, Gatazka probentziorako eta ekiteko tresna batzuk eskuratuz.

IMG_1520

dav

Hirugarren eguna mendi buelta batekin hasi genuen, geunden inguru eder haiek ikusi eta gozatu gabe ezin ginelako etxera bueltatu. Eguzkiaren energiarekin eta mendiko aire garbiarekin indarrak hartu ostean guztiok mugitzen gaituen gai bati heldu genion, eraso matxisten prebentzioari. Kudeaketaren hari muturrei eutsiz, prebentzioren abaniko zabalari begirako proposamenak aztertu genituen.

IMG_1534

Mimo handiz egindako patea, entsalada eta dilistak jan ostean ordurarte bakoitzaren barruan mugitutakoari adierazia izateko bide eman nahi izan genion, emozio eta komunikazioari arratsaldea eskainiz. Honen bidez, gure kolektiboetan ere gai hauek duten garrantzia azpimarratu nahi izan genuen. Talde energia lasaitu zen arratsalde honetan, burutik apur bat gorputzetara jaitsiz eta eguna elkarri masaje goxo bat emanez talde kohesionatu bat joan ginen afaltzera.

Afalosteko gitarra, kantu, karta jolas zein elkarrizketa goxoekin gaugiro ederrean pasatu genuen afalostea beste behin.

Laugarren egunean eguraldi eguzkitsuarekin esnatu ginen, eta zelaia izan genuen formaziogune. Begiak itxita zelaian zehar kide guztiok elkartzearekin batera hasi ginen parte-hartze prozesuei buruz hitz egiten, eta parte hartzen dugun kolektibo bakoitzak bere parte-hartze prozesutxoa diseinatzera iritsi ginen.

Lau egunetan lapikoan egositako osagai guzti horiekin kolektibo bakoitzean zein plater egin genezakeen pentsatuz eta zalantzak argitzen saiatuz bukatu genuen goiza. Datozen hilabeteetan kolektibo bakoitzera Larrauletik zerbait iritsi dadin errealitate bakoitzera lurreratzeko saiakera eginez.

Asko gozatu genuen azken bazkariaren ostean, lau egunetako balorazioa elkarbanatu genuen taldean eta amets atrapalari baten inguruan eta suaren magiaz zipriztinduta Herri Mugimenduen lanari aitortza egin genion, ditugun ametsak bertan jaso eta horiek ipar izanez aurrera egiteko ilusioz bukatuaz saioa. Taldeko besarkada eder batekin eman genion itxiera giro goxo batean Gatzozpinduko bigarren saio honi.

Bagoaz aurrera gure abentura honetan! Ekainean dugu hurrengo eta azkeneko geldialdia, orduan ere emango dizuegu bizitzakoaren berri eta orduarte… zaindu zaitezte!

dav

Menua