Joxemi Zumalabek hasiera eman dio ikasturte berriari

Urria bukatzear dagoela, Joxemi Zumalabeko kideok hasiera eman diogu ikasturteari geure lehenengo asanblada ospatuz. Aurreko ikasturtean gure ohiko jardunari fundazioaren egituraren eta jardunaren inguruko hausnarketa lana gehitu genion, “Zuhaitzaren kimaketa” deitu genuen gogoeta-prozesuaren bidez. Orain, uda oparo baten ondoren (izugarria izan da Iraultza Txikien Akanpadan parte-hartzea), geure egitura eta egitasmo berriak abian jartzeko moduan gaude, eta horretan gabiltza dagoeneko, ilusioz eta gogoz beterik!

Aurtengo lan-ildoak hurrengoak izango dira:

  • Gogoeta-ildoa: Herri-mugimenduan pil-pilean dauden gaiei heltzeko erronkari eusten jarraituko dugu, gogoeta eta eztabaida espazioak aktibatuz edota horietan parte-hartuz. Aurten helduko diegun gaien artean daude: COVID19 pandemiaren eragina erantzun kolektiboan, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) herri mugimenduetan, borroken memoria… Ez da erronka mardula, saiatuko gara horri eusten!

  • Dinamizazio-ildoa: Herri-mugimenduko kolektiboek egiten dizkiguten eskaerei erantzuten jarraituko dugu (dagoeneko horretan murgilduta gabiltza), barne-gogoetetan zein elkarlan- eta artikulazio-prozesuetan lagunduz. Geure lan egiteko moduaren eta harremanetan jartzeko bidearen inguruko informazio gehiago topatu dezakezue hemen. Bestetik, aurreko ikasturte bukaeran martxan jarri genuen esperimentazio espazioari zukua ateratzen jarraitzeko asmoa dugu: bertan zumalabeko kideak zein gertukoak elkartzen gara saio eta dinamika desberdinak esperimentatzeko eta horietaz hausnartzeko, dinamizatzaile bezala trebatzen jarraitzeko asmoz.

  • Konfluentzia espazioetan parte hartu: Aurten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak abiarazitako “Karta soziala indartzen eta saretzen” prozesuan parte hartzen gabiltza, prozesuko Talde Motoreko kide bezala. Horretaz gain, “Murtxikatuz” egitasmoko kideak gara ere, Euskal Herrian formakuntza politikoa lantzen dugun zenbait eragile batzen gaituena.

Ez da gutxi egiteko duguna, ezta horretarako dugun motibazioa; bai, ordea, garen kide kopurua. Horregatik hurrengo urteei begira gurera kide gehiago hurbiltzea eta Joxemi Zumalabe indartzea dugu helburu. Gure egitasmoren batean parte-hartzeko gogotsu bazabiltza, jarri gurekin harremanetan, oso ongietorria izango zara!