[Kronika] Joxemi Zumalaberen Esperimentazio Espazioaren ikasturteko azken saioa, “emozioak militantzian” gaiari helduta

Esperimentazio espazioaren ikasturte honetako azkeneko saioa egin genuen astelehenean Lezon. Txerrimuño ezagutzeko aukera eman zigun bertan egiteak, eta duela 37 urtetik aktibo dagoen proiektu eta espazioak goxo hartu gintuen.

Bi kideren gidaritzapean Emozioak militantzian gaia arakatzeari heldu genion. Arratsaldeko saioa kokatu eta elkar ezagutzeko jolasa egin ostean gorputzera jaisteko ariketa egin genuen. Gorputz kontzientzia hartu eta bakoitza nola gauden entzuteko bideak eskaini zizkiguten kideek. Burura eta arrazoira ekarri ohi gaituen hitza kenduz bakoitza gure gorputz eta emozioetan geundenean elkar begiratu genuen begietara bertaratutakook, besteak ikus gaitzan utziz eta kideak ikusiz.

Taldea energia antzekoan geundelarik gure ibilbide militantea emoziotan eta bizipenetan ekarri genuen bakoitzaren baitara, ze emoziotatik hasi ginen militatzen? Gure lehenengo bilerara nola heldu ginen? Nola sentitu ginen? Garai hartan ze emozio gailentzen zitzaidan? Eta gaur egun? Nondik aritu ohi naiz? Ibilbidea identifikatu ostean elkarrekin konpartitu genuen. Orduan konturatu ginen belaunaldien arabera antzekotasunak aurkitu genituela ibilbide militanteko emozioen artean.

Bigarren zatian oinarrizko bost emozio ekarri zizkiguten: beldurra, poza, amorrua, tristura eta lotsa. Hauetako bakoitza alde positiboan zertan bihurtzen den eta alde negatiboan zertara eramaten gaituen kontatuz. Kide bakoitzak emozio bat gorpuztu genuen. Militantzia espazioetan ohikoa den gatazka bat aukeratu genuen denon artean eta binakako antzerkiak egin genituen, bakoitzak gatazka horretako rol bat hartuz. Zegokigun rola gorpuztu genuen tokatutako emoziotik. Horrela konturatu ginen emozio bakoitzak zer sortzen duen elkarrekintza batean, nola eragiten duen bestearengan, gatazka batean ze paper jokatzen duen… Emozio bakoitzak militantziari zer ekartzen dion konpartituz eta eztabaidatuz bukatu genuen, konturatuz guztiek egiten dizkietela bere ekarpenak eta guztiak direla beharrezkoak.

Saioaren osteko meriendatxoan militantzia esparrura ekartzea kostatu ohi zaigun emozioen gaia lantzearekin pozik geunden guztiok, sarritan topatu ohi dugun indibiduora jotzeko beldurra beldurra dela ohartuz, nolako osagai kolektiboa duen ere konturatuz. Gaiarekin berotuta gaua egin zitzaigun konturatu orduko, gustura geunden seinale. Eskerrik asko saioa prestatu zenutenoi eta bertaratutakooi, plazera izan da!

Menua