Nola eraiki funtzionatzeko modu horizontal bat? Zein dira parekidetasuna sukaldatzeko osagaiak? Nola zainduko dugu elkar? Galdera horietan eta gehiagotan oinarriturik dihardu Iruñeko Donibane auzoko San Juan Xar auzo elkarteak.
Auzo horizontala, parekidea eta elkar zaintzan oinarritutakoa sortzeko bidean, hain zuzen ere. Hori dela eta, elkartearen barnean ezaugarri horiek indartzeko lanari ekin diote San Juan Xarreko kideek, eta haiekin batera elkarlanean aritu gara Joxemi Zumalabekoak: militantzia ereduen inguruan hausnartzen eta taldeen osasunerako osagaiak aletzen.
Hiru hilabeteko prozesua egin dugu elkarrekin, otsailetik apirilera. Hiru saiotan banatutako prozesua izan da, lehenengoa koordinazio lan-taldearekin batera izan delarik. Bigarrena, aldiz, lan-talde bakoitzak bere baitan landutakoa. Eta, azkena, elkartea osatzen duten kide guztiak bildutakoa.
Lehenengo bi saioetan identifikatutako korapiloei heldu genien apirilaren 21ean egindako saioan, tresna zehatzak lantzeko helburuarekin. Besteak beste lan-ardura banaketa orekatzeko eta konpromiso maila ezberdinak esplizitatzeko eta aitortzeko tresna bat (parte hartze zirkuluen dinamika), taldeko amets eta ilusioekin konektatzeko ariketa bat eta erreleboen afera zelan abordatu gogoetatzeko dinamika bat landu genituen.
Hala, bai Donibane baita elkarte horizontalagoa, parekideagoa eta anitzagoa ere sortzeko bidean beste urrats bat eman dute. Mugarri ere izan den urratsa. Elkarlanean, eskuzabaltasunean eta konpromisoan oinarrituta ibilitako bidea. Zorionak San Juan Xar! Zorionak eta bide oparoa izan dezazuela!