Hilabeteetako prozesu sakon bezain aberasgarri baten ondoren Lakaxita gaztetxeak badu bere lehenengo eraso matxisten aurkako protokoloa

Irungo Lakaxita gaztetxeko asanbladako zein komunitateko kideek azaroan eman zioten hasiera protokoloa sortzeko prozesu feministari. Sei hilabete, zazpi lan-saio eta hamaika arakatze zein gogoetatze orduren ondoren, Joxemi Zumalabeko kideon bide-laguntzarekin egindako bideak bere fruitua eman du.

Gure espazioetan ematen diren indarkeriei begira jartzea eta horien gaineko ardura hartzea ez da kontu goxoa izaten. Pairatutako zein eragindako minak mahai-gaineratzea ekartzen du horrek, zapalkuntza ardatzaren zein aldetan gaudenaren arabera geure gorputzek jasandako biolentziak jendaurrean aurkeztea edota geure burua pribilegiatu bezala errekonozitzea. Gure espazioak gero eta askeago eta eraldatzaileago izatea nahi badugu, ordea, ezinbesteko ariketa da dominazio sistemaren zapalkuntza anitzak zelan erreproduzitzen ditugun hausnartzea eta horri aurre egiteko tresnak eraikitzea.

Lakaxitako kideek biolentzia matxistaren gaiari heltzeko prozesua abiatzea erabaki zuten, Joxemi Zumalabe fundazioko kideon bide-laguntzarekin. Eraso matxisten aurkako protokolo tresna zehatza sortzetik harago, zapalkuntza honek jendartean, gure militantzia esparruetan eta Lakaxitan zehazki zelan operatzen duen gogoetatzeko prozesu feminista proposatu genien gaztetxeko kideei. Ez zen erronka makala, eta prozesuak izango zituen zailtasunen jabe izanda ere, gogotsu ekin genion elkarlan honi.

Azaroko saioak ez mistoak izan ziren, eta bertan erasoak zer diren eta egungo jendartean indarkeria matxistek duten formen inguruan aritu ginen. Abenduko saioak ez mistoak izan ziren ere, eta Lakaxitako espazioaren azterketa egiteaz gain, emakumeek* erasoen gaiarekiko dituzten bizipenak eta minak konpartitu zituzten. Gizonezkoek*, berriz, gurean eraso bat egoten denean hartu ohi dituzten rolen inguruko hausnarketa ariketa egin zuten.

Prozesuaren hirugarren botean lehenengo saio mistoa egin genuen, urduritasunak urduritasun. Saio honetan Lakaxitako kideen gorputzek dituzten zapalkuntza-bizipenen aniztasuna ikustarazteko “kalea gurutzatu” dinamika egin genuen, eta horren ostean emakumeak* eta gizonezkoak* elkarrizketan jarri genituen, elkarri erasoen gaiaren inguruko galderak, eskaerak eta mezuak igorriz.

Martxoko saioa mistoa izan zen ere, eta aurreko saioetan ikusitako eta bizitakoak presente izanda, protokoloaren sorkuntzari ekin zioten Lakaxitako kideek, Euskal Herriko beste herri mugimendu batzuen protokoloak aintzat harturik; gure herrian ez dira gutxi gai honetan zein bestelakoetan emandako urratsak eta pilatutako ezagutzak, elkarrengandik eta elkarrekin ikas dezagun ba! Lakaxitaren protokoloak barnebilduko dituen elementuak eztabaidatzeko eta erabakitzeko “boterearen zirkulua” dinamika egin ostean erredakzio lantaldea izendatu eta protokoloaren idazketa prozesua egokitu zitzaion.

Azkenik, apirilaren 14an lantalde honek protokoloa aurkeztu zuen, taldeak ekarpenak egin zizkion eta asanbladak aho batez onartu zuen. Honezkero, beraz, Lakaxitak badu eraso matxisten aurkako protokoloa! Protokoloa onartzeaz gain prozesuan zehar bizitakoei espazioa eman genien ere, Lakaxitari eta bertako kideek egindako lanari aitortza adierazi genien eta prozesuaren itxierarekin batera atzean utzi nahi ditugun bizipenak atzean uzteko erritoa egin genuen ere.

Joxemi Zumalabeko kideok Lakaxita zoriondu nahi dugu egindako lanagatik, eta gure eskerrik beroenak eman ere. Izan ere halako prozesuetan asko eta asko da guk eramaten duguna ere, asko ikasi dugu zuekin, eta ideia batean berresteko ere balio izan digu elkarlan honek:

Zapalkuntzarik gabeko herri mugimenduak eraikitzeko prozesuak badu deserosotasunetik eta minetik, biluztetik eta besteen aurrean zaurgarri agertzetik, edota geure espazioek eta guk geuk ere biolentziak erreproduzitzen ditugula onartzearen garraztasunetik. Eta oinarrian dagoena hori izanda ere, bada posible prozesu zainduen bidez gurean dagoen indarkeriari begiratzea eta tresna eraldatzaileak elkarrekin eraikitzea. Horretan jarraituko dugu!