Esperimentazio Espazioa Leioan, “Partaidetza eta Garapen Komunitarioa” Masterreko ikasleekin

Duela aste batzuk Leioan egon ginen, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean, Parte Hartuz ikerketa taldeak antolatutako “Partaidetza eta Garapen Komunitarioa” Masterreko ikasleekin Esperimentazio Espazioko saio batean.

Bertan, dinamizazio lanetan aritzeko trebatzen ari diren ikasleekin aritu ginen lau orduko saioan, erabaki garrantzitsuak hartzeko metodologia bat frogatuz, hori ezagutarazteko eta horren inguruko ekarpenak jasotzeko asmoz. Izan ere, aurretiaz egindako zenbait dinamizazio prozesuetan antzeko metodologiak erabiltzen ibili gara, eta oso baliagarriak iruditu bazaizkigu ere horiek fintzearen aldeko hautua egin nahi genuen.

Hala, saioan erabaki garrantzitsu bat hartzeko Herri Mugimenduko asanblada bat simulatu genuen, zeinean postura kontrajarriak edo tentsioak egon zitezkeen. Balizko testuinguru horretan, irabazlerik edo galtzailerik gabeko erabaki bat hartzea du helburutzat esperimentatu genuen metodologiak.

Horretarako, dinamizatzaileok aterabide ezberdinak proposatu genituen, eta lehenik bakarka, gero lan taldeka eta azkenik plenarioan aukera bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak landu genituen. Honek, kide guztien iritziak jasotzeko erreztasunak emateaz gain, norbere posiziotik aldentzeko eta bestelako aukerak ere kontenplatzeko tartea zabaltzen duela uste baitugu. Aukera ezberdinen balorazioa egin ostean, gometxen bidez taldearen energia non zegoen ikusten saiatu ginen, horretarako koloreak erabiliz: kideek gometx berde batekin markatu zuten lehenesten zuten aukera, horiarekin ideala ez zen arren onartzeko modukoa izan zitekeen aukera, eta gometx gorri bat ere erabiltzeko aukera izan zuten,onartzeko zaila izango litzaiekeen aukeraren bat egotekotan hori adierazteko. Horren bidez, taldearen nahia non zegoen identifikatu ahal izan genuen, eta erabakia hartuz bukatu genuen asanbladaren dinamizazioa.

Oro har, hurrengo arloak dira halako erabaki prozesuetan zaindu beharrekoak, eta metodologia honek horiek zaintzea ahalbidetzen du:

  • Aukeren aniztasuna: eztabaida polarizatuak ekiditeko bi aukera baino gehiago kontenplatzea garrantzitsua da.
  • Nork bere aukera gogokoenaz haratago gogoetatzea: indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko ariketak kideak behartzen ditu beste aukeren inguruan pentsatzera, horien alde onak esploratzera, norbere aukera gogokoenaren ahuldadeetan pentsatzera…
  • Kontsentsua eraikitzeko baldintzak erraztea: gometxen ariketak taldearen indarrak non dauden ikustaraztea ahalbidetzen du. Gometx gorriaren erabilera (hau da, norberarentzat asumitzeko zaila den aukera markatzen duen gometxaren erabilera) baldintza oso zehatzetan erabiltzeko deia egiten da, jakinda horren erabilerak erabakia hartzeko prozesua blokeatu dezakeela.

Saioa ongi joan zen, eta pozik geratu ginen fazilitazio lanetan aritzeko ikasten ari diren pertsonek erakutsitako interesagatik eta egindako ekarpenekin, badaukagu erreleboa!