Herri Mugimenduen eraginkortasun politikoa izango dugu aztergai hurrengo urte eta erdian.
Gogoeta Prozesu berriaren lehenengo Jarraipen Batzorde Zabala ospatu genuen larunbatean, Altsasun.
Azken urteotan buruari biraka ibili gara Joxemi Zumalaben: Zelan aldatu da Euskal Herriko egoera azken urteotan? Eta zelan eragin du horrek Herri Mugimenduok gizartean eta politikan eragiteko dugun gaitasunean?
Galdera horien bueltan piztutako interesari jarraiki, Herri Mugimenduen eraginkortasun politikoari buruzko hausnarketa prozesua ireki berri dugu Joxemi Zumalabek eta Bizilur elkarteak eta, nola ez, Herri Mugimenduko eragileekin batera egin nahi dugun ariketa da hori. Helburua da, eraginkortasun politiko horren inguruan eztabaidatu eta definizioak adostu ostean, berau mugatzen duten korapiloak identifikatu eta hauek askatzeko tresnak praktikoak sortzea. Finean, eraginkortasun politikoa handitzeko bitartekoak diseinatzea da xedea.
Helburu horiek lortzeko, hurrengo urte eta erdian hainbat bide erabiliko ditugu: tailerrak herri/auzoetan zein topaketa jendetsuetan (Iraultza Txikien Akanpada kasu), militante jakinei elkarrizketak, Herri Mugimenduaren eragilez osatutako Jarraipen batzorde Zabala, Gogoeta prozesuaren Talde Motorearen lana… Gure bokazioa argia da: eztabaida ahalik eta Herri Mugimendu zein militante gehienengana zabaltzea, guztion eraginkortasuna handituko duten tresna praktikoak sortzeko.
Bide horretan, urrats esanguratsua eman genuen larunbatean Altsasun: lehen Jarraipen Batzorde Zabalaren bilkura!!! Hasteko gogotsu geunden eta bueltan ekarpen politak jaso genituen bertaratu ziren eragileen kideen aldetik. Proiektuaren ikus-entzunezko azalpenaren ostean, zalantzak eta ekarpenak biltzeko ariketa egin genuen lantaldeetan. Jarraian, Elkarrizketen nondik norakoak argitu genituen eta hara! Postit zaparrada bat itsatsi genituen paretan, ideia berriekin! Milesker partehartzaile guztiei, martxan gaude!!!
Hurrengo hilabeteotan han eta hemen tailerrak eta elkarrizketak burutuko ditugu, baita gogoetaren eduki teorikoak zehazteko eztabaida monografikoak antolatu ere.
Izango duzue gure berri! Eta, nola ez… Zuen ekarpenak jasotzeko irrikan gaude!