Jarraipen Batzorde Zabalaren eztabaida zabala!

Martxan da Jarraipen Batzorde Zabalaren eztabaida zabala!

Maiatzaren 31an Donostiko Teila Fabrikan bildu ginen Herri Mugimenduen eraginkortasun politikoari buruzko hausnarketa prozesuaren oinarrizko dokumentua eztabaidatu eta ekarpenak egiteko. Martxan gaude!

Euskal Herri osotik etorritako kideak Teila Fabrikako espazio anitzeko geletan sakabanatutako mahaietan eseri ginen, taldetxo txikietan. Paper handi, errotuladore eta gometzekin armaturik, ekarpenak egiten aritu ginen buru-belarri, hurrengo galderei erantzun posibleak bilatzen dituen testua denon artean egokitu eta osatzeko:

Zer d(ir)a Herri Mugimendua(k)? Zer da Herri Mugimendu(ar)en eraginkortasun politikoa eta zelan neurtu dezakegu? Bestalde, nolakoa da egungo Euskal Herriko eta munduko testuinguru politikoa? Testuinguru horretatik abiatuta, zerk baldintzatu dezake Herri Mugimenduen eraginkortasun politikoa? Eta zeintzuk dira Herri Mugimenduen ekiteak baldintzatu dituzten edo ditzaketen balizko faktoreak? Azkenik, aurreko fase politikotik honetara, zelan eta zergatik uste dugu aldatu dela Herri Mugimenduen eraginkortasun politikoa?

Gauzak horrela, lantaldeetan solastu dugu oinarrizko dokumentutik gehitu, kendu edo (er)aldatu behar denari buruz. Ekarpen biziki interesgarriak jaso ditugu, benetan! Horiek guztiak paper handietan idatzita, plenarioan eztabaidatu ditugu; ostean, desadostasunetatik adostasunetara heltzeko, semaforoaren ariketa eginez: maite ditugu zeharo koloredun gometzak! =D

Bigarren Jarraipen Batzorde Zabala amaitzeko, bilkura baloratzeko galdera-jolasa proposatu dugu: gaurko bilkura prestatutako plater bat balitz, zein izango litzateke zuretzat? Erantzunak originalak, esanguratsuak eta politak izan dira, benetan! Esaterako: ideia askorekin osatutako pisto edota plater konbinatu zaporetsuak izan ditugu, entsalada edukiz freskoak, aurrez landutako albondigak (hobeu beharreko saltsarekin, betiere), astiro sukaldatutako eta sorpresak gordetzen dituen erregosi gozoak… baita jaki afrodisiako pizgarri bat ere! 

Aurten Jarraipen Batzorde Zabal bakarra geratzen zaigu, urte amaieran egingo duguna. Hausnarketa prozesuan, aldiz, badira udarako hainbat hitzordu, hainbat topaketetan egingo ditugun tailerrak kasu: EHZ festibalean eta Hatortxu Rocken parte hartuko dugu! Bertan, Herri Mugimenduaren eraginkortasuna mugatzen duten korapiloak identifikatzen tematuko gara, hurrengo faseetan korapilo horiek askatzeko tresnak irudikatu ahal izateko. Zatoz zure iritzia ematera! Eta luzatu gonbita nahi beste lagun eta talde-kideri!

Eskerrik asko denei orain arteko parte hartze emankorragatik eta… laster arte!!