Gatazkak kudeatzen ikasteko formakuntza jaso berri dugu Joxemi Zumalabeko kideok
Herri Mugimenduko kideon artean sor daitezkeen gatazken gaineko kezkari jarraiki, Arterrako Maugek, gai horretan aditua denak, egun osoko formakuntza eskeini zigun ekainaren 14an Durangon.
Dakizuenez, bi eginkizun nagusi ditugu gaur egun Joxemi Zumalabe fundazioan; lehena, Herri Mugimenduarentzat interesgarriak izan daitezkeen gaien inguruko hausnarketak egitean datza. Bigarrenak, ostera, helburu du erantzun egokia ematea Euskal Herriko eragileetatik heltzen zaizkigun dinamizazio eskaerei. Usu, deitzen gaituzte kolektiboetan gertatzen diren gatazketan bitartekaritza edo kudeaketa lanak egiteko. Eskera hauei behar bezala erantzuteko ardurarekin, alor horretan formakuntza jasotzea erabaki genuen Joxemi Zumalabeko kideok.
Hartara, iraganeko hainbat dinamizazioetan laguntza eskeini digun Mauge deitu genuen, formazio bide horretan bidelagun izan dezagun. Nafarroako Arterra proeiktu kolektiboko kideak esperientzia zabala du gatazken kudeaketan eta horrela erakutsi digu elkarlanean aritu garen horietan guztietan. Oraingo honetan, ordea, gu geu izan gaitu ikasle.
Egun osoz, 6 orduko ikastaroa jaso genuen, Durangoko Intxaurrondo eskolako gela eroso bezain egokietan. Ikastaldiaren hasieran, hainbat galdera luzatu zizkigun Maugek:
Zelan sentitu gara gatazken aurrean gure kolektiboetan? Ba al dakigu egoera horiei aurre egiten? Zein jarrera mota gailentzen dira holakoetan? Guk bizitako adibideei buruz ere aritu ginen, esperientzietatik ikasteko helburuarekin.
Gauza asko azaldu zizkigun Maugek, eta ahal beste xurgatzen saiatu ginen. Esaterako, tentsio-egoerak eta gatazkak gauza bera ez diren arren, lehenengoen aurrean ez dakigunez zelan jotaktu, maila berean jarri ohi ditugula. Halaber, txarto-ulertu eta gatazka motak desberdintzeko ariketak egin genituen, baita hauek kudeatzeko ariketa praktiko hainbat ikusi ere. Meta-kontakizunak, mapeoak, tentsio-zelaiak… 11 kontzeptu ekarri zituen mahai gainera, zein baino zein interesgarriago!
Gauzak horrela, gehiagorako gogoz geratu ginen! Ondorioz, hari horri tiraka jarraitzea erabaki genuen, datorren ikasturtean formakuntza horri segida emanez; hortaz, antolatuko dugu gatazken kudeaketari buruzko bigarren partea eta, nola ez, zuei kontatzen jarraituko dugu!
Asteburu eguzkitsu on denei!!!