Botere harremanak eta Dominazio Sistema era dinamiko batean landu genituen Hegoako Masterreko ikasleekin batera
Dominazio sistemak ertz ezberdinetatik zeharkatzen ditu gure gorputz eta bizitzak, botere harreman, zapalkuntza… anitz sortuz. Horiek era dinamiko batean lantzeko proposamen metodologikoa entseatu genuen, azaroaren 7an Hegoa Institutoak gidatutako Master Ofizialetako ikasleekin.

Ikasle taldeak gogo handiz parte hartu zuen proposatutako hiru dinamiketan:
- Lehenik, espaziotik ausazko norabidean ibiltzen joan ginen, eta hainbat zapalkuntza-ardatzen araberako multzokatzea proposatu genuen dinamizazio roletik. Kideak irizpide jakin batzuen arabera (adina, generoa, klase soziala, jatorria, azalaren kolorea…) elkartu ziren, eta irizpide horiek gizartean zein euren taldean sortzen dituen botere harremanen inguruan solastu ziren.
- Bigarrenik, rol jolas alderantzizkatu bat egin genuen. Ikasleetako batzuei aurrez zehaztutako rolak eman genizkien, eta espaziotik ausaz ibili ziren, rolak buruan itsatsita, norberarena ez ikusteko moduan. Beste kideek, haiekin gurutzatzerakoan, rolaren araberako erreakzioa (gizartearen gehiengoak izango lukeena, bederen) antzeztu zuten. Antzezte ariketaren ostean, rol zehatz bat zuten ikasleek ilara bat osatu behar izan zuten: mutur batean onarpen maila altuena izan zuten rolak kokatu behar ziren eta onarpen txikiena sentitu zutenak beste muturrean, gradualki. Gerora, sentitu zutenaren inguruan gogoetatxoa egiteko espazioa ere ireki genuen.
- Azkenik, “kalea gurutzatu” dinamika praktikan jarri genuen. Dinamika horren inguruko informazio gehiago daukazue hurrengo estekan: https://nextcloud.joxemizumalabe.eus/f/170590
Eskerrak eman nahi dizkiegu saiora bertaratutako kide guztiei, dinamiketan parte hartzeko prestutasunagatik, sortutako giro goxoagatik eta dinamikak fintzeko egindako ekarpenengatik. Zinez, eskerrik asko!



