Abenduaren 10ean Leioako EHUko Kanpusean egon ginen, ikasleekin batera hainbat dinamika entseatzen.
Esperimentazio Espazioa Joxemi Zumalabe Fundazioaren Dinamizazio Ildoaren baitako ekimen bat da, zeinean dinamika ezberdinak moldatu, entseatu eta fintzeko saiakera egiten dugun, gerora horiek praktikan jartzerako momentuan zuku gehiago ateratzeko, kontuan hartu beharreko gakoak identifikatzeko…
Azkenengo bi ikasturteetan, Esperimentazio Espazioa EHUko Master Ofizialetara eraman dugu, etorkizunean dinamizazio politikoan aritzeko trebatzen ari diren ikasleei zenbait dinamika eskaini eta aldi berean gure buruak formatu zein euren ekarpenak jasotzeko asmoarekin. Helburu horrekin joan ginen Leioara, eta saioa biziki aberasgarria izan zen zentzu horretan!
Izan ere, 4 orduko ibilbidean zehar botere harremanak eta Dominazio Sistemaren ertz ezberdinak modu dinamikoan lantzeko dinamika ezberdinak esperimentatu genituen, horietan trebatu eta ekarpenak jasotzeko helburuarekin. Ikasleek gogo betez parte hartu zuten dinamiketan, baita horiek aldaera ezberdinak proposatzerako orduan ere!
Gu ere gustora aritu ginen, dinamika ezberdinak dinamizatzerako orduan autokonfiantza irabaziz eta etengabeko formakuntza bidea den honetan beste aurrera pauso txiki bat emanez. Gozo hartzeagatik eta egindako ekarpenengatik, mila esker bihotzez!



