HERRI MUGIMENDUEN ERAGINKORTASUN POLITIKOARI BURUZ EGINDAKO BI URTEKO PROZESUAREN ONDORIOAK ETA HORREN ZABALTZE BITARTEKOAK AURKEZTUKO DITUGU
Luzaz eta mimoz egindako lana aurkezteko eguna izango da azaroaren 4a. Izan ere, bi urteko Gogoeta-Ekintza prozesuaren ostean, Bilboko Kafe Antzokian ezagutaraziko ditugu bidai honetan zehar egindako gogoetak, ondorioak, tresnak… eta beste hainbeste ere!
Bada, duela bi urte Bizilurreko lagunekin batera hasi genuen azaroaren 4ko egunera arte eraman gaituen bidai elikagarri hau. Hasieran, hausnarketa-gai potolo bati heltzea zen gure asmoa, hau da, Euskal Herriko Herri Mugimenduok errealitate sozial eta politikoan eragiteko genuen gaitasunari; gure apaltasunetik ekarpena egiteko saiakera erabaki genuenean, ordea, ez genuen espero bidean topatuko genuen guztia.
Izan ere, bi urte hauetako hausnarketa eta eztabaida mordotik lortutako ekarpenek, analisiek, lagunek eta momentuek genituen aurreikuspen guztiak gainditu dituzte. Dozenaka militanteen eta hamarnaka eragileen parte hartzea izan dugu prozesuan zehar, Herri Mugimenduon eraginkortasun politikoa baldintzatzen duten 40 korapilo baino gehiago identifikatu ditugu… Horrez gain, korapilo horietako 5 askatzeko tresna praktikoak sortzeko saiakeran aritu gara. Hau, nola ez, ez litzateke posible izango prozesuan zehar antolatutako saio ezberdinetan aritu diren kide guzti horiek gabe, eskerrik asko denei bihotzez.
Ez da erreza prozesu osoko ondorioak aurkeztea… Sintesirako zailtasunak ditugunontzat are gutxiago gainera. Helburu horrekin sortu ditugu prozesuaren nondik norakoen berri ematen duen liburua, ikus-entzunezko dokumentala eta Euskal Herrian barrena egindako 19 elkarrizketekin osatutako liburuxka. Horiek ere Kafe Antzokian ikusteko aukera izango duzue!
Espero dugu egindako prozesuak, zein hori zabaltzeko prestatu ditugun bitartekoak, zuen gustokoak edota baliagarriak izatea, baita azaroaren 4an bertan elkar ikusiko dugula ere! Oraindik izena eman ez baduzue, jarraian duzue horretarako esteka!
https://nextcloud.joxemizumalabe.eus/apps/forms/s/r3GfQT7fTWiikJpCiDA5zYyB
Datorren asteazkenera arte,
Joxemi Zumalabe Fundazioko Gogoeta Taldea


