Pasaden larunbatean Baserria XXI elkartearen aurkezpenean izan ginen, une garrantzitsu horretan haien ondoan egon nahi genuelako. Elkartearen sorrera prozesuan hilabete asko eman ditugu elkarrekin (ikusi hemen kronika) eta oso pozik gaude elkarteak aurrera egin duelako. Haiek dioten moduan:
“Etorkizun gutxi dauka herri batek baserritarrik gabe, eta etorkizun gutxi baserritarrek
herririk gabe (…) Gipuzkoa, Euskal Herri eta mundu hobe bat eraikitzeko lanean antolatzeko, Elikadura
Burujabetza eta nekazaritza iraunkorra, gizarte justu eta aske baten ezinbesteko oinarriak direlako….
Eutsi Lurrrari!”
Hemen duzue Baserria XXI elkarteak irakurri zuen prentsa oharra:
Gaur hemen bildu gara hamarnaka baserritar, gonbidatu ditugun beste hainbat eragiletako
kideekin batera.
Gure kulturarekiko, herriarekiko eta lurrarekiko loturan lan egiten dugun eta egin nahi
dugun baserritarrak. Gure lurra eta bizitzak suntsitzen dituen kapitalismoaz bestelako bizi eta
jendarte eredu bat eraiki nahi dugunak. Eta gure lan jardunetik ekarpenak eginez, gainontzeko
herritar eta eragileekin batera egin nahi dugunak hori.
Mundu ero eta injustu honetan, pribilegiatutzat gauzkaten mendebaldean, porlanez estaltzen
dira biziraupenerako beharrezko ditugun lurrak, inora ez doan tren bat egiteko, birzikla daitezkeen
hondakinak erretzeko… jaten dugunaren %95a multinazionalen bidez ekartzen dugun bitartean.
Auskalo non ekoiztua, auskalo nola ekoiztua, ze lan baldintzatan, nola ekarria…
Hori gutxi ez eta, bertan ekoiztutakotzat hartzen dugunaren zati handi bat erabateko
menpekotasunean ekoiztua da. Bertako esnea edaten dugu, baina Brasilgo soja jaten duen
behiarena; bertako tomatea jaten dugu, baina auskalo nongo “elikagaiekin” modu hidroponikoan
ekoiztua… Eta honela beste hainbat adibide, baserritarrak lehenik, eta Euskal Herria ondoren,
erabateko menpekotasunean mantentzen gaituztenak.
Esan bezala, instituzioetatik bultzatu den eredu honek baserritarren autonomiaren galera
ekarri du, baldintza ezin kaxkarragoetan aurrera egitera behartu ditu baserritarrak, baserri
produktibo asko galdu direlarik azken urteetan.
Ba al du honek zentzurik? Ez al dago gauzak beste modu batera egiterik?
Bai, badago, eta hori aldarrikatzera gatoz gaur. Hain zuzen ere alternatiba badagoela
aldarrikatu eta horren garrantzitsua den elikadura burujabetzaren gaia gizartearen eta instituzioen
egunerokoan kokatzeko sortu dugu BaserriaXXI, Gipuzkoako Baserritarron Elkartea, hutsune argi
bat nabaritzen dugulako Gipuzkoan zeregin horretan.
Eguneroko jardunean arituko gara, gure lur eta baliabide naturalak nekazaritza eta
abeltzaintza iraunkorrerako (produkzio jasangarrirako) erabil daitezen; lurrik gabekoek lurrak
eskura ditzaten; emakume baserritarrei dagokien garrantzia aitor dakien; herritar guztiok, baina
batez ere txikienek, kalitatezko elikagaiak jateko eskubidea bermatua izan dezaten; baserritarron lan
baldintzak duindu eta harrotasuna berreskuratzen; gure herrikideei baserrietako ateak ireki eta
egiten dugunaren garrantzia plazaratzen; instituzioei inbertsio publikoak proiektu autonomo eta
jasangarriak bultzatzeko erabil ditzatela exijitzen…
Etorkizun gutxi dauka herri batek baserritarrik gabe, eta etorkizun gutxi baserritarrek
herririk gabe. Dei egin nahi diegu oraindik gurekin antolatuta ez dauden baserritarrei, bazterturik
eduki gaituzten gure produkzio guneetako zokoetatik atera eta gainontzeko herritar eta eragileekin
batera Gipuzkoa, Euskal Herri eta mundu hobe bat eraikitzeko lanean antolatzeko, Elikadura
Burujabetza eta nekazaritza iraunkorra, gizarte justu eta aske baten ezinbesteko oinarriak direlako….
Eutsi Lurrrari!