Kidea, taldea eta proiektu politikoaz hausnartzen
Pasaden azaroaren 18, 19 eta 20an herri mugimendu ezberdinetako 30 kide inguru Beizaman egon ginen bertako lasaitasunaz disfrutatzen eta elkarrekin hausnartzen. BorBor (K) ikastaroaren baitako lehenengo asteburua pasata, bigarren asteburu intentso hau lagungarria izan zitzaigun talde izaera garatzeko, talde bakar bat osatzeko eta era berean mugimendu sozial ezberdinetako pertsonek eztabaida bakar baten inguruan aritzeko.
Asteburuan zehar gai ezberdinak jorratzeko aukera izan genuen, baina gai nagusia kidea, taldea eta proiektu politikoa izan zen. Zelan bermatu hiru hauen oreka? Ze eragina dauka botereak honetan? Zelan egin errealitatearen koiuntura analisi erreala?
Hausnartzeaz gain, barre egiteko, dantzatzeko eta elkar gehiago ezagutzeko aukera ere izan genuen, ez pentsa! Karaokeak askotarako ematen du!
Koiuntura analisia
Asteburuan zehar koiuntura analisiaren garrantziaz hausnartzen ibili gara. Zer da koiuntura analisi bat? Zergatik da hain garrantzitsua?…
Askotan esku hartzen dugu edo lan egiten dugu errealitatea aztertu eta kontua hartu barik. Zein da errealitatea? Non gaude gu? Zeintzuk dira agente nagusiak?… Hauek eta beste batzuk martxan jartzeko oinarrizko galderak izan beharko ziren.
Argi dago Herri mugimenduan gehienetan boterea ez izan arren, egoera dela eta, edo gaiaren aktualitatea dela eta, proposamen errealak lortzeko gaitasuna badaukagula. Hori horrela izateko ezinbestekoa da koiunturaren analisi on bat egitea.
Kidea, taldea eta proiektua
Asteburuan landu dugun esparruetako bat izan da. Hauek ziren helburuak: Zaintzaren ikuspegitik, kidea, taldea eta proiektuaren arteko orekaren inguruko gogoeta egitea.
Zapalduen antzerkia
Igandean zapalduen antzerkia egiten aritu ginen. Teknika hauek oso erabilgarriak izan ziren bizipena berriro sentitzeko eta eragileetan ematen diren rollo txungoen inguruan hausnartzeko. Denok izan ditugu noizbait ezinegonak edota rollo txarrak gure eragileetan, eta gehienetan ez dugu jakin oso ondo zelan kudeatu. Oraingoan konponbideetan edo bidearen garrantziaz hitz egiteaz gain emozioen inguruan ere aritu ginen.
Emozioak
Emozioak presente egon dira asteburu osoan zehar. Hasierako urduritasunetik hasita, taldea sortzen denean sentitzen den goxotasunera. Asteburuan zehar eztabaida ezberdinetan ere gaia pil-pilean egon da.
Gure herri mugimenduetan normalean emozioak ez ditugu oso presente izaten, horregatik BorBor (K) laborategia sentitzeko eta sentitutako hori konpartitzeko aprobetxatu nahi izan genuen.
Beldurra presente egon den beste emozio bat izan zen. Militanteok eta herri mugimenduok beldur edo intseguritate asko izaten ditugu: mesfidantza, kideen parte hartze desorekatua, … BorBor(K) laborategia justu honetarako ere aprobetxatu nahi dugu, beldur guzti hauek identifikatzeko eta hauek gainditzeko estrategia ezberdinak diseinatzeko.
Asteburu batek askorako ematen du.
Argazkiak ikusteko egin klik hemen.