Formazio politikorako esperientziak herri mugimenduetan

**Abajo para descargar el libro en castellano

2015. urtean “Jakintzen aniztasuna eta formazio politiko askatzailea” proiektuaren barruan egindako ikerketa baten ondorioa da ondorengo lerroetan aurkezten dizuegun liburua. Berau, Hegoa institutuak, Peruko Programa de Democracia y Transformación GlobaL (PDTG) erakundeak eta Joxemi Zumalabe fundazioak elkarrekin garatu dugun proiektua duzue hain zuzen ere.

Herri mugimenduek subjektu politiko gisa duten izaera estrategikoaz, eta kapitalismo neoliberalaren krisiak duen izaera askotariko eta sistemikoaz analisi eta begirada antzekoak partekatzen ditugulako egin genuen topo hiru erakundeok. Gizartea antolatzeko eta arautzeko eredu baten krisi baten aurrean gaude, biziari eusteko gai ez dela erakusten ari den krisia hain zuzen ere eta honek, parez pare erroka kolektiboak jartzen dizkigula uste dugu. Egungo antolaketa sozial eta politikoa ez da gai, ordea, erronka horiek gainditzeko. Hain zuzen, zailtasun horiexek garamatzate jakintza eta subjektu desberdinen arteko elkarrizketa ezinbestean zabaltzera. Izan ere, subjektu horien borroka-prozesuetan herri mugimenduek sormen soziala eta berrikuntza politikoa sustatzen dituzten jakintzak, proposamenak eta praktikak eraikitzen dituzte; eta horrek erreferentzia-eragile gisa gaitzen dituztela uste dugu. Batez ere, jakintzen dialogo kolektiboak eraikitzeko eta dialogo horietatik zeruertz askatzaileetarantz joateko behar diren eraldaketetan aurrera egiteko.

Lan honetan Joxemi Zumalabe fundazioaren eta PDTGren esperientzia propioak partekatzen dira, eta horrez gain, herri mugimendu eta lankidetza kritikoari buruz Hegoa Institutuak garatu duen lana ere bai. Hala, nazioarteko artikulazioak eta mugimenduak garrantzitsu eta estrategikoak direla ondorioztatzen dugu. Izan ere, artikulazio horiek formazio politikoa ardatz hartzen baitute, eta horrek subjektu politiko gisa sendotu egiten gaituelako. Esan bezala, formazioak antolaketa eta mobilizazio prozesuei, politikan eragiteko eta bestelako proposamenak eraikitzeko gaitasunari eragiten diote zuzenean.

Hori dela eta, EHko zein nazioarteko herri mugimenduetako  lau formazio esperientzia elkarrizketatuz eta sistematizatuz, ikertzeari ekin genion. Askotariko esperientziak dira lan honetan topatuko dituzuenak, testuinguru soziopolitiko desberdinetan gauzatutakoak. Eta beraz, haiengandik asko ikas daitekeelakoan gaude  (asmatu izan duten horretatik eta baita, izan dituzten zailtasun eta mugetatik ere). Azkenik, formazio politikoa gidatzen duten talde eta mugimenduak ikertu direla nabarmendu nahi dugu, eta baita esperientzia horien sistematizazio-prozesuak, mugimendu horiek, euren esku hartu izan dituztela ere.

Hauxe izan da beraz ikerketa honek argitu nahi izan duen galdera ardatza: formazio politiko askatzailearen zer osagaik sendotzen dituzte herri mugimenduak subjektu politiko gisa? Hortaz, lan honekin herri mugimenduetako formazio-prozesuen izaera askatzailea sendotzen duten gakoak identifikatzea izan dugu helburu.

Aurkibidea

  • Aurkezpena.

  • Iratxodun ipuina. Claudia Korol

  • Bor Bor (K). Herri-jakintzez, igarotzeez eta (trans)formazioez. Olatz Dañobeitia Ceballos eta Josefina Roco Sanfilippo (Joxemi Zumalabe Fundazioa).

  • Jakintzak eta mugimenduen arteko elkar-hizketak Perun: saretze esperientziei buruzko apunteak. Mar Daza, Raphael Hoetmer, Nicola Foroni, Gina Vargas eta Luna Contreras (Demokrazia eta Eraldatze Globala Programa).

  • Emantzipaziorako prestakuntzako prozesu politiko-feministak Guatemala 2010-2015.
    La Cuerda Elkarte Feminista, Petén Ixqik Emakumeen Elkartea eta Emakumeen Sektoreko aliantza Politikoa. La Cuerda Elkarte Feminista, Petén Ixqik Emakumeen Elkarte eta Emakumeen Sektoreko Aliantza Politikoaren (prestakuntza-prozesuaren bultzatzaileen) eta Paula Irene del Cid Vargas eta María Dolores Marroquínen (esperientzia sistematizatzeko laguntzaileen) arteko ituna.

  • Brasilgo Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimenduaren Florestan Fernandes Eskola Nazionaleko ikastaro latinoamerikarrak. Beatriz Casado Baides eta Judite Stronzake.

  • Jakintzen aniztasuna eta prestakuntza emantzipatzailea. Zesar Martínez eta Beatriz Casado.

  • Epilogoa. Nazioarteko lankidetza eta formazio askatzailea. Gonzalo Fernández Ortiz de Zárate.

Liburua eskuratu nahi baduzue egin klik ondorengo loturetan:

Dena den, lan hau liburu formatuan inprimatzea erabaki dugu ere eta 8 euroren truke eskuratu dezakezu. Nola? Orrialde honen behealdean topatuko duzuen formulario betez eta gurekin kontaktuan jarriz.

Formazio_politikorako_esperientziak