Aliantzek beldur ugari sortzen badigute ere, beharrezkoak ikusten ditugu.
Aurtengo Bor Bor (K) ikastaroaren laugarren topaketa martxoaren erdialdean burutu genuen. Goñin elkartu ginen aliantzei buruz eta sistemari planteatu ahal dizkiogun alternatibak eztabaidatzeko. Hauxe izan da gure azken aurreko asteburua eta euskal udalekuetako egoitza honetan berriz ere gure buru, gorputz eta sentimenduetatik erreminta eta gogoeta berriak piztu genituen.
Patxada eta Patxanga zereginak zituen taldeak agur sentikor batekin bildu gintuen eta asteburuan xuxurlatzetik kantatzera, lasaitasunetik urduritasunera, orain aldituk lehenaldira eraman gintuen dinamika eta jolasen bidez.
Gogoeta zereginak zituen taldeak, ordea, pertsonaletik taldera eta berriro pertsonalera eraman gintuen asteburuan zehar. Playmobil eta plastilina erabiliz gure kolektiboak ezaugarritu genituen eta ostean, artilearen bidez ditugun aliantzak ikusgarri egiteko. Taldearen aniztasuna oso maila bisualean agertu zitzaigun, eta baita taldeok sortzen ditugun aliantza endogamiko eta aniztasunean oinarriturikoak ere.
Aliantzak norekin? galderari erantzun ostean, nolako aliantzak eta zertarako egiten ditugun edo egin izan ditugun eztabaidatu genuen. Baita aliantzak sortzean topatu izan ditugun oztopo zein funtzionatu duten edo ez dutenen arrazoiez ere. Itziar Gandarias ikerlari eta aktibista feminista gurekin egon zen asteburuan zehar, eta bere eskutik Emakume Mundu Martxako esperientzia aukera izan genuen.
Zapalkuntza anitzak.
Zapalkuntzen “aliantza kriminalaz” aritu ginen, sistema zapaltzaileen arteko sinbiosi eta konplexutasunaren analisiari ekinez. Kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa aztertu genituen bereziki, hiruren DNA osatuz. Zeintzuk dira bakoitzaren logika, ardatz, adibideak? Bizi dugun zapalkuntza sistemari bakoitzak zer ekarpen egin dion eta elkarren elikatze sistema mahaigaineratu genuen.
Zapalkuntzak elkarren artean osatzen dutela ulertu ostean, zapalkuntzen intersekzionalitatea-ren gaia derrigorrez agertu zitzaigun. Eta debate askoren ostean, gure borroketan ere betaurreko desberdinak ipintzearen alegina egin behar dugula nabarmendu genuen. Hori nola egin kolektiboki pentsatzean, askotariko zailtasun eta beldurrak azaldu baziren ere, badirudi zerbait adostu genuela: saia gaitezen borrokak ez hierarkizatzen eta zapalkuntza baten aurka egitearren beste zapalkuntzarik ez indartzen behintzat.
Alternatiben eraikuntzari ere tartea egin genion. Horretarako oso alternatiba ezberdinak aurkezten dizkiguten bideoak ikusi genituen ondoren, alternatiba horien ezaugarriak aztertzeko asmoz. Alternatiba horietan estatua, komunitatea, etxea edota merkatua bezalako eremuak nola barnebiltzen diren, zeinetan jartzen den indarra (zentraltasuna) eta lau eremu horien arteko harremanei buruz hausnartu genuen.
Eztabaidatik osagai komun batzuk atera bagenituen ere, agian garrantzitsuena esperientzia guzti hauek eta sortzen diren guztiak errespetatzeko beharra azpimarratuko genuke. Zapalkuntzak gainditzeko aurkeztu ziren estrategia guztiekin ados egon zein ez, asko esperimentatu beharko dugu aurrerantzean, beraz, ekin diezaiogun!
Argazki gehiago ikusteko bisitatu gure Argazkien albuma.