Sukaldean esperimentatzen, Herri Jakintzen Laborategiko berriak!

Dakizuen moduan, Euskal Herrian bestelako jendarte-eredu baten alde lanean ari diren Herri Mugimenduak laguntzea, horixe izan da Joxemi Zumalabe Fundazioaren helburua sortu zenetik. Gogoeta, dinamizazio gaiekin batera, formakuntzaren alorra lantzen aritu gara urte hauetan, hainbat ekimen martxan izan ditugu. Tartean, 2014. urtean, astiro-astiro hasi ginen sukaldatzen Bor-Bor(K) Herri Jakintzaren Laborategia proiektu berriaren bueltan. Eta zergatik Bor-Bor(K)? Euskal kulturan, zein beste kultura askotan izugarrizko garrantzia daukalako sukaldeak eta bere inguruan mugitzen denak,  guk ere mistika horri heldu nahi genion!

Sukalde kontuetan zein herri mugimenduen jardunean, errezeta magikoa bilatzean baino, esperimentazioan eta su txikian sukaldatzean dago gakoa! BOR-BOR-BOR….Sukaldearen bueltako esperimentu ezberdinak martxan jarriz, buru belarri ari gara herri mugimenduetako sukaldeetan laguntzeko asmoz. Ondorengo lerroetan proiektu honen bueltan sortu diren azken berriak partekatu nahi dizkizuegu. Zeintzuk diren, laborategi honetako esperimentu nagusiak? Horratx!

. Pil-Pilean. Herri mugimenduetan gaur egun pil-pilean dauden gaiak jorratzen ditugun ikastaroa duzue (lehen Bor-Bor(K) deitzen genion). Alde batetik, antolakuntza, funtzionamendua eta bestetik, aliantzak eta zapalkuntzak eta alternatiba askatzaileak lantzen ditugu. 3. edizioa martxan dago dagoeneko eta momentuz azkena izango da. Aurten 32 kide daude eta 44 gara guztira, hurrengo asteburuan Astrara goaz. Honen inguruko informazioa kuxkuxeatu nahi baduzue(hemen ikusteko aukera) 😉

· Biltokia. Ikastaroetan erabili eta sortu ditugun material, dinamika eta bestelako erramintak jendarteratzeko dugun eta  erraminta kutxa birtuala da. Sukaldea bezain garrantzitsua den espazio txukuna, behar ditugun osagaiak topatzeko gunea da. Su baxuan dago astiro astiro egiten.

· Gatza eta Perrexila. Dinamizazio lanak, talde-dinamikan kondimentu edo espeziak txertatzea da, dena ongi eta goxoa atera dadin. Hori egiteko, neurrian ikasten da eta herri mugimenduetan honen barne formakuntza beharra somatu dugunez, prozesu berri bat abiatuko dugu dinamizazio eta fazilitazio ikastaroa diseinatzeko. Ikastaroaren lehenengo edizioa 2019an labetik ateratzea espero dugu.

· Bazkalondoa. Zein garrantzitsua den! Taldeko elkarrizketa luze horiek… prisa barik… Bazkal ondorengo prozesu honetan, bidean ikasi dugun guztia jendarteratu eta konpartitu nahi dugu, ikaspenak jasoz eta sistematizazio lanak eginez (hemen ikusteko aukera, gehiago sortzeko asmoa dugu).

· Murtxikatuz. Ekintza oso garrantzitsua liseritze on bat egiteko. Momentu honetan, herri mugimenduekin formazio kritiko eta askatzailea lantzen ari diren eragileekin harremanetan ari gara Euskal Herrian dauden formakuntza politikoaren mapa egin eta elkarrekin gogoetatzeko.

Gure eltzea, txikia baina gozoa da. Eta esperimentu guzti hauetan herri mugimenduetatik, herri mugimenduentzat eta herri mugimenduarekin lan egin nahiko genuke. Saltsameneora hurbildu nahi?

Ikusi arte!

23137545113_a85ef83f6d_o