Aspaldi webgune honetan berririk igotzen ez dugula, eta ez geldirik gaudelako! Komunikazio teknologia bideez jardungo dugu gaurko honetan, zehazki Telegramaren inguruan, tresna honen erabiltzaile/aritu/sustatzaile moduan. Hori egin aurretik, garrantzitsua iruditzen zaigu, aurrez abiatu ditugun gogoetei aitortza egin eta egindako lana berreskuratzea (zaharkitua gelditu bada ere). Denboran atzera, hemerotekarekin topo egin dugu, eta duela 6 urte antolatutako jardunaldi batzuk ekarriko ditugu gogora:
2012. urteko uztailean, herri mugimendua eta Komunikazio Teknologia Berriei buruzko topaketak antolatu genituen Gernikako Gaztetxean. Lehengo bi egunetan, ostegunean eta ostiralean, informazioak, iritziak, hausnarketak eta eztabaidak izan ziren nagusi. Larunbateko jardunaldiak berriz, ikuspegi praktikoaren ildotik jarraitu zuen. Hainbat gai landu ziren bertan: herri mugimenduak garatutako baliabide teknologikoak, asanblada birtualak, “online” bilerak, sare sozialen bitartez egindako deialdiak, segurtasun jarduerak eta arriskuak, baliabide eta tresna askeak…
Jardunaldiok apur bat freskatze aldera, azken urteotan, informazio eta komunikaziorako erabiltzen ditugun teknologiek ere izan dute bilakaera bat, bai forman eta baita gure erabileran ere. Herri mugimenduetako kolektibo eta talde ezberdinen jardunean eguneroko tresna bihurtu ditugu. Informazio eskuratzeko, zabaltzeko eta antolatzeko, zeintzuk dira herri mugimenduotako kideok ohiturak? nola eta zein tresna erabiltzen ditugu? gogoetarik egiten al dugu tresna bat erabiltzen hasi aurretik eta ondoren?
Ez ditugu galdera guzti horiek berri honetan erantzungo baina, gai honen inguruan azken urteetan egin diren proposamenak bildu eta tresna zehatz baten inguruan sakondu nahiko genuke gaurkoan: TELEGRAM.
Gure buruak eguneratzeko zein gogoetarako bideak irekitzeko, horratx!
Telegram azkartasunaz eta segurtasunaz kezkatzen den mezularitza app bat da. Oso azkarra, sinplea, doakoa eta batez ere IREKIA/LIBREA da [API-a eta itur-kodeari dagokionean]. Telegram zure gailu guztietan aldi berean erabili dezakezu (mugikorraren konexioaren beharrik gabe) — zure mezuak era berean sinkronizatuko dira edozein mugikor, tableta edo ordenagailuan (hodeiean/lainoan oinarrituta dagoelako).
Telegram-ekin mezuak bidali ditzakezu, argazkiak, bideoak eta edozein motatako fitxategiak (doc, zip, mp3, etab). Era berean, 100.000 pertsonako taldeak edo [kanalak]](/blog/kanalak) mugarik gabeko entzuleei mezuak zabaltzeko . Zure mugikorreko kontaktuei idatzi diezaiekezu eta jendea bilatu [**erabiltzaile izenak**](#usernames-and-telegram-me) erabiliz. Honela, Telegram SMS eta email nahasketa bat bezalakoa da — eta zure mezularitza pertsonalaren eta kolektiboaren beharrak ase ditzazke.
Hona hemen, norberaren mugikorreko kontaktuen arteko komunikazioaz gain, herri mugimenduen erabilerarako interesgarriak izan al diren aukerak:
-
Talde irekiak: Edonoren parte-hartzea baimentzen duten taldeak sor daitezke, adibidez @hackinbadakigu software, hardware eta jakintza eta kultura askearen eztabaidagunea.
-
Kanalak: ez dira eztabaidarako, informazioa jaso nahi duenak taldera batu baino ez du egin behar. Administrariek baino ez dute kudeatzeko aukera, taldean dauden gainontzekoek informazio irakurri eta partekatu dezakete. Herri mugimendu eta herri komunikabide ugarik dute kanal propioa: Argia aldizkariaren @argiaeus eta Gazteizko Hala Bedi irrati librearen @halabedi kanala.
-
Botak: Telegram erabiltzailerekin txat bidezko interakzioa baimentzen duten programak dira. Aibidez, ELA sindikatuko teknozaleek sortutako @murgilbot bota kezkak, irakurketak, hausnarketak eta iritziak jasotzeko.
-
Eranskailuak edo stickerrak: Barrea eragin eta komunitatea sortzeko oso lagungarriak dira eranskailuak. Adibidez eusticker edo GipuzkoaZutik eranskailu multzoa.
-
Telegram euskaraz: euskaraz jartzea baimenduko dizkizuten fitxategien eguneraketak banatzeko @euskaltelegram. Telegram komunitate euskalduneko kontuak: https://t.me/euskalgram eta http://telegram.eus/
Herri mugimenduetatik Herri mugimenduentzat
Subiranotasun teknologikoranzko bide honetan, gure beharrizanen araberako softwareak eta tresnak sortzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Horregatik, Bergarako zibergara* kolektiboko kideen lana hurbiletik jarraitu dugu, elkarrizketarako guneak eta teknologia berriak aitzaki dituen kolektiboa dugu. Hainbat herri mugimendurentzat interesgarriak izan al diren beraien bi esperientzia gure txoko honetara ekarri nahi izan ditugu:
Erabilerari neurria hartzen
Telegram zein bestelako mezularitza tresnek (Whatsapp, signal, riot…) zabaltzen dizkiguten aukera ugariak esperimentatzen ari garelarik abantaila eta berrikuntza ugari datozkigu burura: taldeko kide guztienganako komunikazio zuzena, talde sentipena, elementu multimedien erabilera, parte-hartze maila ezberdinen arteko bizikidetza, larrialdietarako urrezko bozgorailua eta berehalakotasuna. Orain dela gutxi arte gure esku ez zegoen itsaso berri bat.
Tresna horiek, ordea, gure hausnarketen ondorioz inplementatzen dira, edo taldean aztertu gabeko inertzia bulkaden fruitu dira?Telegramez zein gai eztabaidatu daitezke eta zeintzuk utziko dugu bilerarako? non dago bilera eta telegram-taldeetako elkarrizketen arteko muga? Erabakirik hartu al dugu telegramez? ordutegirik al dute gure telegram jakinarazpenek? beste mugimendu batzuekin nola harremantzen gara? kafeak edo telegram mezuak? Bilera bat atzeratzen dela abisatzeko nola egin behar dugu? Eguneroko informazio gaindosian denok behar dugu arnasaldia, eta astean ekimen bati hiru ordu eskaintzeko prest dagoena, prest dago egunero 50 mezu irakurtzeko? 24 orduko on line militantzia posible da? Zein eragin dute tresna hauek taldean botere harremanei dagokionean (adin, genero, egoera sozioekonomiko…)? Nola eta non kudeatu al ditugu telegram-taldeetan sortu al diren gaizki-ulertuak eta gatazkak?
Telegram zein bestelako komunikazio teknologiek, botere hierarkiak mantentzeko balio dezaketen modu berean, talde eta kolektiben barne horizontaltasunera hurbiltzeko balio dezaketelako. Kontrol sozialerako datu baseak loditzeko eta azterketa estatistikoak egiteko balio dezaketen moduan, horizontaltasuna apurtzen duten joerak identifikatzen eta hauen eraginaren ideia emateko balio digutelako. Baita erabakiak hartu aurretik informazioa lantzen eta erabakiak hartzeko laguntzeko tresna baliagarriak ere. Komunikazio teknologiek herri mugimenduak aktibatu eta biziberritzeko, beharrezkoa zaigu aurretiko baldintza sozial, politiko eta komunikaziozkoak ziurtatzea. Eta horretarako garrantzitsua da tresnak ematen dituzten aukerak eta mugak ezagutzea, eta batez ere, erabileraren inguruan hitz egitea pantailan harrapatuta gelditu aurretik!
Iturriak eta loturak:
http://www.revistapueblos.org/blog/2014/06/12/la-tecnologia-para-los-movimientos-sociales-ni-caja-magica-ni-quimera/?lang=eu
https://goiena.eus/komunitatea/abolibar/1443169427604-whatsapp-taldeetako-administratzaileak-gara
Dabilen Harriari Goroldiorik Ez (guk argitaratutako liburua honen barne horizontaltasuna eta informazioa eta komunikazio teknologiak atala)..