Pil-pilean ikastaroko laugarren asteburu honetan Goñin, euskal udalekutako etxeetako batean, elkartu ginen, neguari udaberri usaina eman nahian. Nafarroako Garrotiko taldearen eskutik, Teodosiak eman zigun harrera Garro jaietako jaitsierarekin.
Kalejira alaitsuan herria ezagutu ostean, gure herri mugimenduen artean ditugun aliantzak eta elkarlanak irudikatu genituen. Arratsaldeko saioari bukaera emateko, eraso sexista baten harira izandako gertakarien lanketa partekatu zen.
Arkilloseko tofu eta arroz hamburgesak izan genituen afaltzeko sukaldarien maitasun kutxuarekin. Tripak ondo beteta egunari bukaera emateko kondairen gau-bela egin genuen. Hurrengo eguna indartsu hasteko susto eta barreak tarteko ohera joan ginen.
Hotzak izaretatik altxatzeko laguntzen ez zigun arren, prestatuta geneukan gosariaren usainak animatu gintuen egunari hasiera emateko. Energiak hartu eta Armony-rekin gorputza eta burua bat eginik lehenengo dinamikarako prest geunden. Hasteko, munduko hainbat txokotan zapalkuntza ezberdinei aurre egiteko sortutako proiektuen inguruko hainbat bideo aztertu genituen. Euskal Herrira bueltatuz, Pil-Pileko kideok parte garen bost esperientzia azaldu eta egon daitezkeen kontraesan eta arriskuez eztabaidatu genuen.
Berakatz sopa edarra jan genuen gure sukaldariei esker, arroz pixka batekin lagunduz. Arratsaldean, berriz, partaideei tokatu zitzaigun sukaldatzea! Lauko taldeetan banatuta, ginkana baten bidez, talde bakoitzak pure bat prestatu behar zuen. Horrek hausnarketarako abiapuntu mamitsua eman zigun. Helburua berdintsua izan arren, eta jakiak eta tresnak lortzeko elkarlana beharrezkoa bazen ere, talde ezberdinen artean ematen diren beldur, mesfidantza, besteen egoeraren interes eta informazio falta nabarmendu ziren. Gogoetatzeko osagai asko atera genituen ginkanatik! Horixe baietz!
Afaldutako pure goxoa sabelean, izarrak lagun, herritik barna beste ginkana bat egin genuen.
Gorputzak ondo berotuta oheratu ginen.
Elurrarekin esnatu ginen igande goizean eta honek taldean ezinegona sortu zuen. Gosaldu ostean talde handian bildu ginen eta dinamika guztiak bazkal aurretik egitea erabaki genuen. Prestatuta zeuden bi dinamikak aurrera eramateko modurik onena bi taldetan banatzea eta gero esperientziak konpartitzea zela adostu zen. Talde batek zapalduen antzerkia egin zuen. Egoera kontradiktorio bat antzeztu genuen, hitzik esan gabe, eta ostean egoera horri buelta eman genion beste antzezpen batekin.
Beste taldea berriz, instituzioek eta herri mugimenduko eragileek dituzten harremanez aritu zen.
Denok berriz elkartu ginenean atseden bat hartu eta balorazio-itxiera egin genuen.
Asteburua baloratzeko talde txikietan banatu eta asteburuan egondako alor ezberdinak baloratu genituen. Gure oihal magikoa hartu (larunbat goizean margotu genuena) eta “zerekin goaz?” “hurrengo asteburuari ze eskatzen diogu?” galderari erantzunaz zatitxo bat hartu genuen gutariko bakoitzak oroimen modura itxiera, jaietan ohikoa den bezala “pobre de mi” letra moldatuz denok besarkatu eta garrotikoek udaberriaren etorrerarekin gure taldea konparatuz lore haziak banatu zituzten.
Eskerrik asko bereziki euskal udalekuei zuen etxean hartzegatik, hotz bezain goxo egon bait giñen! 😉
IKUSI ASTEBURUKO ARGAZKIAK HEMEN