Arratsaldeko 18:30etan hasiko da “Hau bai da eztabaidatzeko lekua: sare sozial digitalen eragina kolektibo eta mugimenduen jardunean” mahai-ingurua, Bilboko Zirika! Herri Gunean, bi ekintzaileon parte-hartzearekin
Herri Mugimenduentzat interes kolektiboa izan dezaketen gaien inguruko hausnarketa eta eztabaida sustatzeko asmoz, egungo testuinguruan kezka berezia sortzen digun gaia dakargu gaurkoan: aktibismoa, sare sozialak eta komunikazio teknologiak.
Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilerak mugimenduetan dituen eraginez eta sortzen dituen dinamikez eztabaidatzeko espazioak irekitzeko helburua duen ildoa jarri dugu martxan. Talde eta kolektiboen antolaketa eta zabalperako komunikaziorako tresnek gero eta zentralitate handiagoa duten honetan, twitter, facebook edo instragram bezalakoetan gertatzen diren eztabaidei heltzea garrantzitsutzat jo dugu.
Hausnarketa ildo horren lehen ekimen bezala, keinua egin nahi izan diogu sare sozialetan eztabaida sutsuak pizten direnean hainbestetan errepikatzen den “hau ez da leku egokiena gauza hauetaz eztabaidatzko” esaldiari, hari horretatik tiraka, “hau bai da eztabaidatzeko lekua” mahai-ingurua antolatu dugu Bilboko Zirika! Herri Gunean, ekainaren 13an. Bertan landu nahi ditugun gaien artean daude, besteak beste, taldeen barne-gaiak sareetan zabaltzearen egokitasuna, sare sozialetan hobesten den komunikazio estiloak kolektiboen barne-bizitzan izan dezakeen eragina, espazio digitaletan sortzen diren gaizkiulertu zein gatazkak kudeatzeko moduak edota sareetan sortzen diren errepresentazio modu berriak, hala nola ezkerreko “influencerrak”.
Gai hauetan sakontzeko, komunikazioaren munduan jarduten duten bi ekintzaile izango ditugu: Pikara Magazine aldizkari feministako Andrea Momoitio eta Hala Bedi irratiko Julen Mendizabal.
Gai potoloa dugu, baina gonbidatuon ekarpenaz eta solaskide guztion artean, analisitik harago doazen irtenbide, eta gakoak bilatzea litzateke mahai-inguruaren helburua.