Geure kolektiboko bilerak… zelan prestatu eta bideratzen ditugu? Egiteko moduari zer nolako balio politiko ematen diogu?
Atzokoan bigarren urteurrena ospatu berri duen Batu Elkarlaguntza Sareko kideekin elkartu ginen Basauriko Txarraska Gaztetxean, dinamizazio politikoaz hitz egiteko, izenburuan aipaturiko galderei eta beste batzuei erantzuten saiatuz.
Bi orduko saioa izan zen eta hain leku, talde eta giro goxoan, azkar-azkar pasatu zitzaigun denbora. Hartu-eman polit batean elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukera izan genuen: dinamizazio politikoa zer den, gure militantzia espazioen ardatz izaten diren bilerak, asanbladak eta saioak zelan prestatu eta zaindu, eta Batuk berak zelan egiten duen aztertu eta gogoetatu genuen.
Baturen borrokaren erdigunean daude emozioak eta horien sostengatzea. Horrek zer pentsatu (eta zer sentitu) eman zigun: nor arduratu ohi da horretaz, eta nola egiten du? Askotan norbanakoek hartzen duten ardura hori taldeko ardura bihurtzeko ze bide urratu ditzakegu?
Askaritxo gozo batekin eman genion saioari amaiera (ohitura ederra zeuena!), eta askaria bezain gozoa den gorputzaldia geratu zaigu guri. Mila esker, Batuko kideak, atzoko gogoeta espazioan parte hartzera gonbidatzeagatik! Segi bi urteko ibilbide emankor eder honi jarraipena ematen!
[Gaian gehiago sakontzeko: https://labur.eus/WT1zk]