Irailaren 24an, Borobilean elkarteko kideen eskaerari erantzunez Lasarte-Orian egon ginen Joxemi Zumalabeko kideok, “Herritarrak, elkarteak, komunitatea… elkarrekin herri bizi bat eraikitzen!” tailerra dinamizatzen.
Saioan, eragile eta elkarte ezberdinen arteko elkarlanez eta aliantzez solasten egon ginen, herriko 35 biztanle ingururekin. Jakingo duzuenez, Herri Mugimenduen arteko aliantzak Herri Mugimenduen eragina biderkatzeko tresna direla uste dugu Joxemi Zumalabeko kideok, eta beraz gogotsu erantzun genion Borobilean elkarteak egindako eskaerari, eta zera esan dezakegu: bertaratutako jende kopuruak zein herriko hainbeste taldeetako kideen presentziak ikasturteko lehehengo saioak ekarri ohi duen urduritasuna handitu baino ez bazigun ere, oso pozik bueltatu ginen etxera!
Izan ere, saioan Lasarte-Oriako elkarlanen identifikazioa, aliantzak sortzeko modu osasuntsuak, elkarlanak sustatzeko egon ohi diren korapiloak eta etorkizunerako gakoak izan genituen eztabaidagai. Saioaren aurretik gure kezka nagusia ordu eta erdiko saioan hainbeste gai lantzeko kapazak izango ote ginen zen. Baina landu ez bakarrik, eta lasartearren egin zuten lanketaren sakontasunarekin eta atera ziren gogoeta guztiekin harrituta geratu ginen, eta ondorio argi batekin atera ginen: badute martxa eta gogoa, bai, Lasarten!
Hala, herri biziago bat lortzeko bidean saioak lehen urrats erraldoi bat emateko balio izana espero dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu saiora bertaratutakoei, baita Txintxarri aldizkariko kideei egindako kronika ederragatik!