Eraginkortasun politikoari buruzko gogoeta prozesuko tailerrekin jarraitzen dugu; azkenengoa, El Hadji espazio autogestionatuan burutu genuen iragan larunbatean.
Aurreko larunbat goiza nagirik gabe aurre egin zioten Iruñeako gazteek; izan ere, 10:00ak jo gabe zirela, gazte andana gerturatu ziren Errotxapeako El Hadji espazio autogestionatura. Irrikitan jaso genituen guk ere, Herri Mugimenduaren eraginkortasun politikoaren gaia astintzeko gogotsu!
Bada,
goiza eztabaida betean igaro genuen, postit, errotuladore, koloredun eranskailu eta abarren artean: zeintzuk dira Euskal Herriko Herri Mugimenduak egun dituen korapiloak? Burmuinak esnatzeko eragileen baitan eman daitezkeen botere harremanez hausnartzeko jolasa egin genuen. Jarraian, eguneko gaia arakatzeko hainbat dinamika pizgarri egin genituen. HMen arazoei dagokionez, auzi ugari atera ziren; besteak beste, aipatu ziren formakuntzaren beharra, zaintza, mistika, errepresioari aurre egiteko tresnak… Ez ginen buruhausteen alde negatiboarekin konformatu ordea, konponbideak irudikatzeko ere tartea hartuz. Saioa amaitzeko, goizaren hotzari izkin egin genion, tailerra baloratzeko plazan giza-diana bat osatuz.
Ostean, Koadro Eskolako ekitalditxo hunkigarrian parte hartu eta herri-bazkari gozo-alai batekin gozatu ahal izan genuen. Giroa aparta eta eztabaida hobea! Proiektu ederra daukazue Iruñea aldetik, jarraitu orain arte bezain ongi, burutxoak hezten eta kolektiboki hazten! Viva zuek, bidean egongo gara!!





