Herri Mugimendutik jasotzen ditugun eskaerei erantzuteko lan egiten dugu Joxemi Zumalabeko Dinamizazio Ildoan. Horren harira, HMen egunerokoan gero eta ohikoagoa den gai bat landu genuen aurreko asteko tailer batean.
Azken asteotan, nekearen, militantziaren eta konpromiso maila ezberdinen arteko uztarketak sortzen dituen korapiloen inguruko saio bat prestatzen eta dinamizatzen ibili gara Euskal Herriko Herri Mugimenduko eragile batekin (zeinaren izena ez dugun partekatzen euren barne korapiloak publiko ez egite aldera).
Joxemi Zumalabeko kideon aburuz, dinamizazio honetan landutako gaia, zein horien erpinak, gero eta presenteago daude HMko hainbat eragiletan eta ezinbestekoa da gaiari heltzea, baita sortzen diren korapiloak askatzeko tresna praktikoak garatzea ere. Izan ere, JZFko kideok Dabilen Harriari Goroldiorik Ez prozesuan (2015) hasi ginen gogoetatzen militantzia ereduen bilakaerez, zaintza hirukoitzaz eta beste hainbat gaietaz.
Pentsa daiteke, Euskal Herrian bizi izandako testuinguru politikoaren ondorioz, proiektua erdigunean kokatzen zuen militantzia eredu bat garatu genuela aurreko hamarkadetan, baina testuinguru horren aldaketarekin zein sistema kapitalista zisheteropatriarkalak gure gizartea gutxinaka blaitzearen ondorioz hori lausotuz joan dela. Abagune hartan, militantzia eredu berriez eta kolektiboen barne bizitza osasuntsuaz hausnartu genuen aipatutako prozesuan, norbanakoen, taldearen eta proiektuaren arteko oreka zaintzea ezinbestekoa dela ondorioztatuz.

Bada, susmoa dugu azken urteotan, zenbait kasutan, hiruki horretan norbere zaintza taldearen zein proiektuaren zaintzaren gainetik lehenesteko joera gero eta ohikoagoa bilakatzen ari dela, desorekak eta korapiloak sortuz. Testuinguru horretan, gainera, hainbat mugimendutan konpromiso maila ezberdinak uztartzearen aldeko apustua egiten ari direla ikusi dugu, eta apustu zinez interesgarria eta emankorra dela deritzogun arren, ikusi dugu bide horrek (edo horren kudeaketak) hainbat neke eta min sortu ahal dituela gerora.
Hala, bidea egin ahala korapilo horiek sortzea guztiz naturala dela uste dugu; norabide horretan, defendatzen dugu korapilo horiek kudeatzen ikastea ezinbestekoa izango dela. Gai horiei guztiei heldu genien dinamizatutako tailerrean, eta gaia lantzen jarraitzeko asmoa dugu, beti bezala, HMei gure ekarpen apala egiteko asmoz. Bidean ikusiko dugu elkar!


