Herri Mugimenduen eraginkortasun politikoari buruzko eztabaidari amaiera eman diogu, Mexiko eta Argentinako lagunekin

HERNANIKO BURUJABETZEN ETXEAN EGON GARA, BIZILURREKIN BATERA ANTOLATUTAKO “HERRI MUGIMENDUA(K): ERAGINKORRA(K) OTE?” NAZIOARTEKO JARDUNALDIETAN

Larunbata gozatzeko, Rosa Luxenburgo Fundazioko Amerikako Hegoaldeko Konoko formakuntza politikoko arduraduna den Patricia Lizarraga eta Mexikoko UNORCAko (Union Nacional de Organizaciones Campesinas Agricolas) Dulce MagaƱa eta Jesus Andrade izan genituen gurekin.

Jardunaldiak aitzakia ezin hobea izan ziren Euskal Herriko zein Mexiko eta Argentinako Herri Mugimenduen eraginkortasunaz gogoetatzeko, baita Zumalabek eta Bizilurrek azkenengo bi urte eta erditan Euskal Herriko Herri Mugimenduen eraginkortasun politikoaren inguruan egindako Gogoeta-Ekintza prozesuari buruzko lehenengo aurkezpena egiteko ere.

Hala ere, arreta berezia eskaini nahiko genieke Mexiko eta Argentinako kideek egindako ekarpenari: haien presentzari esker, euren herrialdeetako testuinguruari, bertako HMen egoerari, olatu erreakzionarioari eta bere estrategiei… eta beste hainbeste gaiei buruz hausnartzeko aukera izan genuen, baita hemengo eta bertako errealitateen inguruan hausnartu eta elkarrangandik ikasteko ere.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Amerikatik etorritako kideei, euren jakinduria, esperientzia eta, batez ere, bizipenak partekatzearren. Gure elkartasunik beroena adierazten diegu, bizi duten testuinguruan borrokan jarraitzeko gure animorik beroena helaraztearekin batera. Gora Herri Mugimendua(k) eta gora zuek!

Azkenik, azaroaren 4an azken urteetan egindako prozesuaren eta Argentinako eta Mexikoko lagunek egindako ekarpenen eta hausnarketen berri izateko aukera izango duzuela aurreratzen dizuegu, prozesuaren aurkezpen publikoa antolatuko dugu eta: beraz egon adi!