Nor gara
Nor gara

GAUR EGUN

Euskal Herrian bestelako jendarte-eredu baten alde lanean ari diren Herri Mugimenduak laguntzea, horixe izan da Joxemi Zumalabe Fundazioaren helburua sortu zenetik. Euskal Herriko herri ekimen, talde eta mugimenduek egiten duten ekarpen sozial eta politikoa ikustarazi, sendotu eta merezi duen errekonozimendua ematea alegia.

Gure Fundazioaren bokazioa Herri Mugimenduekin, Herri Mugimenduetatik eta Herri Mugimenduentzako lan egitea da. Sinergia eta ahalduntze prozesuak bilatuz, Euskal Herrietako Herri Mugimenduek dituzten gogoeta, dinamizazio eta formazio prozesuetan laguntzea hain zuzen ere.

Gure jarduna odorengo ardatzetan oinarritzen da:

  • Kolektiboen arteko gogoeta eta elkarlan estrategikoak sustatzea.
  • Aktibismo politikoa indartzeko transmisioa eta formazioa bultzatzea.
  • Topagune herrikoiak bultzatuz, jendarte eraldaketarako gogoeta eta debatea zabaltzea.
  • Gure eta gainerako kolektiboen barne funtzionamendua sendotzeko tresnak lantzea.

PENTSA DEZAGUN GEUREA

Joxemi Zumalabe Fundazioaren proiektu berriaren aurkezpen ekitaldiaren bideoa (2012/03/17)

IDEIA ARDATZ ETA APUSTUAK

Fundazioaren Oinarri Politiko berrituak.

SORMEN KOLEKTIBOA GARATZEKO LANEAN

Argia Aldizkariko elkarrizketa (2013/02/12)

HISTORIA

Zein da hastapenetatik fundazioaren xedea?

Euskal Herrian eraldaketa sozialean lanean ari diren Herri Mugimenduen kultura indartzea helburu duen eragilea da Joxemi Zumalabe Fundazioa. Herri Mugimenduen ekarpena jaso eta balioan jartzea du helburu. Euskal Herriko talde eta mugimendu ugarik egiten duen lanari behar duen errekonozimendua aitortu eta memoria kolektiboa lantzea da Fundazioaren egiteko nagusia.

Noiz sortzen da Joxemi Zumalabe fundazioa?

1995eko abenduan, lagun talde batek, eztabaida luzeak izan eta gero, Herri Mugimendua laguntzea helburu izango zuen fundazio bat eratzea erabaki eta 1996ko apirilean ofizialki sortu zuen.

Nola abiatzen da?

Ezberdintasun eta mailaketak nagusi diren gizarte honetan, famili batean edo bestean jaio izanak, bizitza goitik behera alda dakizuke. Horretaz badaki bai fundazioaren hastapenetan ibili zirenak. Horietako bati, egun batetik bestera, herentzia baten bidez diru poltsa handi bat etorri baitzitzaion. Bere lanaren eskutik etorri ez zen diru hura herriari itzuli nahi, eta lagun talde bati asmoa azaldu eta eztabaida saio ugariren ondoren, Joxemi Zumalabe Fundazioa sortu zuten. Egun, fundazioa, diru poltsa horrek ematen dizkion irabaziei esker eta instituzioetatik proiektu ezberdinetarako jasotzen dituen diru laguntzei esker egiten du ekonomikoki aurrera.

Zergatik joxemi zumalabe izena?

Fundazio bat sortzeko erabakia hartuta, honen izena erabaki behar, eta lagun zuten Joxemi Zumalabe Goenaga-ren izena ipintzea erabaki zuten, honek berarekin zekarren esanahia guztiarekin. Baina nor zen Joxemi Zumalabe Goenaga? Donostian jaio zen 1950eko urriaren 14an. Gaztetatik, han eta hemen saltsa batean eta bestean ibili zen Joxemi. Bere herriak bizi zuen egoerarekin konforme ez, eta hori aldatzeko lanean jardun zuen buru belarri. Euskalgintzaren eremuan ekarpen handiak egin zituen; Argia aldizkaria aurrera ateratzen lan handia egin zuen eta 1986an euskarazko egunkari baten proiektua garatu eta defendatu zuen. Garai hartan, ezinezkoa zirudien proiektu hark, Joxemiren kemenagatik (besteak beste) argia ikusi zuen: Euskaldunon Egunkaria. Gaitz batek eraman zuen 1993ko urtarrilaren 12an. Bere ekarpenari eskerra eman nahian eta Joxemi gogoan izateko jarri zitzaion izena Fundazioari: Joxemi Zumalabe.

Ekimenak

FITE! BULETINA

1997tik 2007 arte dohainik eta hilero mila harpidedun baina gehiagori (talde zein pertsona) bidaltzen zitzaien. Sei orrialdetan, herri mugimenduetatik egiten ziren ekimenen berri jaso eta zabaltzeko helburua zuen.

EUSKAL HERRIKO HERRI MUGIMENDUEN GIDA

1997ko udan Joxemi Zumalabe Fundazioak gizarte mugimenduen errolda handi bat egiteko ekimena abiatu zuen. Asmoa ahalik eta talde gehienen datuak bildu eta denon eskura jartzea izan zen, elkarteen arteko zein elkarte eta herritarren arteko komunikazioa ahalbidetuz. Xedea aldiz, elkarteen arteko eta bereziki elkarte eta herritarren artean egon ohi den ezezagutzaz egindako harresia gainditzea. Datu eta informazioaren bilketa 1997ko azken hilabeteetan eta 1998 osoan zehar egin zen, kolaboratzaile sare handi batek elkarrizketa prozesu zabala dinamizatu zuen eta 1.500 mugimendu ingururen datuak jaso ziren. Gida 1999ko urtarrilean plazaratu zen euskarri inprimatuan.

HERRIA MUGI! EKIMENA

Herri mugimenduaren topaguneak. Herri mugimenduen gida egin eta gero, aurrerapauso bat ematea erabaki zen: elkarte eta mugimendu horien arteko topaketak ahalbidetzea. Aurkezpenean bildutako taldeek, haien ekimenez, erabakitzen dute herri mugimenduen arteko harremanetarako eta elkar ezagutzarako gune bat sortzea: Herria Mugi! Ekimena. Urtero Topagunea antolatzeaz arduratu zen talde eragileari Fundazioak bere koordinazio, dinamizazio eta idazkaritza tresnak eskaini zizkion. Ekimen honek Herri Mugimenduaren Topagune hauek antolatu zituen:

  • Euskal Herriko Herri Mugimenduaren I. Topagunea (1999)
  • Euskal Herriko Herri Mugimenduaren II. Topagunea (2000)
  • Euskal Herriko Herri Mugimenduaren III. Topagunea (2001)
  • Euskal Herriko Herri Mugimenduaren IV. Topagunea (2002)

EUSKO IKASKUNTZAREN XV. KONGRESURAKO LANKIDETZA

Kongresua 2001eko azaroan eta abenduan Donostiako Kursaal Jauregian ospatu zen. Zehazki, 2001eko urte osoan zehar, JMZ Fundazioak “Gizarte zibilaren azterketa” izeneko seigarren talde tematikorako lan taldeak koordinatu zituen. Herri mugimenduetako hainbat kide bilduz, elkartegintzaren eta herri ekimenaren auto-diagnosi prozesua burutu zuten. Gizarte zibilak, ingurune hurbil zein ez horren hurbilarekiko erabakiak hartu ahal izateak eta horretarako baldintzak sortzeak duen garrantzian oinarrituz, gizarte zibilak euskal jendartearen errealitate sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalean eragiteko duen ahalmena sendotu nahiean abiatutako ekarpena izan zena, hain zuzen ere

ARROSA

Irrati Ekoizopen Zentroa: 2001-2002 ikasturtean JMZ Fundazioak koordinatu eta dinamizatu zuen Euskal Herri osoko izaera ezberdineko 20tik gora irratik elkarlanean Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa sortzeko abiatutako egitasmoa. Egitasmo honek Euskal Herriko Herri Mugimenduaren III. Topagunean abiatu zen, han komunikazioaren gaiaren inguruan hausnartzeko bildu baitziren udal, irrati libre eta herri irratiak. Euskal Herri osoko 29 irratien esku, Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa sortu zen.

MUNDUA EUSKAL KULTURAN

Ekimen honetan euskalgintzako hainbat eragile eta Euskal Herriko hainbat etorkinen elkarteak bat egin zuten. Eredu kulturalaren inguruko hausnarketa gune bat izan zen. Eztabaidan bildutakoek elkar ezagutzeko parada izan zuten eta, elkarlanean, gaiaren inguruko formazioa helburu izango zituzten jardunaldiak antolatzea adostu zuten. Handik aurrera, JMZ Fundazioak jardunaldi horiek gauza zitezen ekimena koordinatu eta dinamizatzearen ardura beregain hartu zuen. Ekimen honen baitan bi jardunaldi antolatu ziren:

  • ”Mundua Euskal Kulturan” jardunaldia, 2002ko azaroaren 23an Martin Ugalde Kultur Parkean antolatu zen.
  • “Hezkuntza sistemen elkar trukea: Euskal Herria eta jatorrizko herriak” jardunaldia, 2003ko azaroaren 29an Gasteizko Europa Jauregian antolatu zen.

EUSKAL HERRIKO GIZARTE FOROA

2002ko udazkenean hasi eta 2003ko ekaina bitarteko iraupena izan zuen prozesuak. Ibilbide honetan talde ugarik parte hartu zuen sortze prozesuan, nahiz ekainaren 27, 28 eta 29an antolatu zen EHGFren I. Topaketetan. Ekimenak iraun zuen bitartean JMZ Fundazioak idazkaritza eta koordinazio lanak burutu zituen.

18/98+ LAN TALDEA

2000. urtean 18/98 auzia edo makrosumarioa abiatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskal Herriko hainbat erakunde eta hedabideren aurka. JMZ Fundazioak, 2008 urtera arte, hainbat eragileren parte hartzea izan zuen “18/98+ lan taldea” koordinatu zuen. Ekimenak bi helburu nagusi izan zituen: makrosumario politikoen katea salatzea eta eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzea. Herritarren aktibazioa eta mobilizazioa helburu zuten beste hainbat ekimenen artean, “Kaiera” koadernoak herritarren erantzuna plazaratzeko aukera eskaini zuen herriz herri eta auzoz auzo. Funtsean, epaiketa horretan, herritarren parte hartze politikoa epaitu eta kolokan jartzen zirela ulertu genuen, eta kriminalizazio hori delitu bihurtu nahi izan zuten parte hartze eta aktibazio politikoaren bidez gainditzearen alde egin genuen geure ekarpena.