Bor Bor (K) irratiko uhinek eraman gintuzten martxoaren 11, 12 eta 13ko astebukaeran Artaunsoroko baserri eta paraje ederretaraino, herri mugimenduen arteko elkarlan eta aliantzetan, zein zapalkuntzak gainditzeko tresnetan sakontzeko asmoz.
Ostiral arratsaldez eraikitako herri euskaldun txikian gure jatorrizko herri mugimenduak aurkeztu eta gure arteko sareak ehundu genituen. Larunbatean gure eguneroko kontraesanak aztertu eta, horiekin batera, zapalkuntzak gainditzeko tresna eta praktiken bila aritu ginen, alternatiben bila, alegia, denon artean antzerki foroaren bidez bi “pelikula” eder osatuz.
Zapalkuntzak gainditzeko, baina, hauek identifikatzen ikasi behar dugula ondorioztatu genuen, gu zapalduak garen momentuetan, baina baita zapaltzaileak garen momentuetan ere, horretan aritu ginen Aretxabaletan eta oraingoan ariketa berreskuratu genuen itxiera emateko asmoz.
Larunbateko azken orduetan, role playing dinamikaren bidez herri mugimendu eta administrazioaren arteko harreman eta zailtasunen inguruan hausnartu genuen.
Igandeak ikasitako guztiari itxiera bikaina eman zion: sistemak bere osotasunean nola funtzionatzen duen ulertzera hurbildu ginen eta berau gainditzeko ditugun alternatibak irudikatu genituen; Zubietako erraustegiaren aurkako mugimenduko eta Lurralde Askeko lagunek herri mugimendu desberdinak uztartuz alternatiba hauek eraikitzearen eredu hobezinak eskaini zigutelarik.
Guzti hau giro paregabean bizi izan genuen, ederki zainduta egon ginen eta jaki zein bizkotxo goxo-goxoez gozatu genuen asteburu osoan zehar. Gainera, Errezil inguruan igarotako asteburutik aurrera, ausartagoak bilakatuko gara guztiok, bertako akelarre/keimada feministan ezagututako sorgin eta izpiritu guztiek, beste batzuek eraiki dizkiguten beldur horiei aurre egiten lagunduko baitziguten.
Argazkiak ikusteko egin klik hemen.