KURTSO AMAIERAKO JAITXOA PREST!

EKAINAK 4, BERGARAN.

Bost urte pasa dira jada, Joxemi Zumalabe Fundazioaren proiektu berritua eraikitzen hasi ginenetik. 2010. urtean abiatu genuen gogoeta borobildu ostean, 2012ko otsailean Zarauzko Putzuzulo gaztetxean burututako ekitaldia izan genuen fundazioaren garai berriaren abiapuntua.

Pentsa dezagun geurea! izan zen ekitaldi horretarako aukeratu genuen leloa. Baina lelo batetik haratago, hiru hitz horiek orduan lau haizetara zabaldu nahi genuen mezua laburbiltzen dute: herri mugimendu indartsu eta eraginkorra izatea ezinbestekotzat jotzen genuela. Herriak eta herritarrak beraien historiaren subjektu izatea nahi baldin bagenuen, gure kabuz antolatuta egotea nahi eta nahiezeko baldintza genuela alegia.

Horretarako, Kalabaza edo kuia itxura duen herri mugimendua landatzen jarraitzeko proposamena plazaratu genuen. Kanpoko azala gogorra duen kalabaza bat, parean dauzkagun aurkarien erasoetatik herri hau zein bere jendeak babestuko dituen azala. Barruan, ordea, mamitsua, zaporea duten kalabazekin amesten genuen; parte-hartzea erraztu eta herria saretuko duena, gure ehun soziala eta elkarren beharra osasuntsuki garatzeko esparrua eskaintzen duena. Eta bihotz hazi ugariduna; gutariko bakoitza, elkarri loturik nolabait baina aske, gure nahi, asmo, sentimendu eta bizipenekin talde eta proiektu anitzetan barnebiltzen dituena.

Lan horretan murgilduta ibili gara azken urteetan. Herri eta auzo ezberdinetan, elkarte, herri ekimen zein asanblada anitzekin batera bertako zein urruneko kalabaza ezberdinekin astiro-astiro eraiki nahi dugun baratzea sortzen jardun dugu.

Azken urtean, besteak beste, militantzia eredu eta horizontaltasunari buruz 2014an zabaldu genuen gogoetan sakontzen dihardugu. Une honetan baina, kultura politikoaren gaia atxiki eta bere atzean dagoen guzti horretan sakondu nahi dugu. Hortara dator, hain zuzen ere, ekainaren 4ean antolatu dugun gogoeta irekia. Bestalde, dinamizazio zein formazio arloan hamaika proiektu eta ekimenekin dihardugu batera lanean (Alternatiben Herria, Bor Bor (K) ekimenaren lehen edizioa, Euskalgintzako foro eta ekimenetan, Desobedientziari buruzko jardunaldiak, Gipuzkoako baserritarren saretzean, Gaztetxe eta Gazte Asanbladen topaketetan…).

Ekainaren 4rako egitarau xume baina mamitsua antolatu dugu. Goizez, esan bezala “Herri mugimenduetako kultura politikoa” izango dugu aztergai. Hortarako gainera, luxuzko gonbidatuak izango ditugularik: Zigor Olabarria Eleaketik, Itziar Gandarias ikertzaile eta aktibista feminista, Mauge CaƱada Arterra Bizimodu proiektutik eta Julen Zabalo aktibista eta EHUko irakaslea. Eguerdian bazkari eta baskaloste animatua izango ditugu Ane Labaka eta Amaia Iturriotz bertsolarien eskutik. Eta arratsaldeko 18:00tan egunaren lehen zatiari amaiera emateko ekitalditxo xume bat antolatu dugu. Gauean gorputzak astindu eta dantza egiteko kontzertuak ere ez dira faltako: VINAGRE DE MODERNA, ZARZAPARRILLA eta MARIBI DJs.

Ekainaren 4a, beraz, urte hauetan lanean ibili izan garen kide ezberdinekin berriz topatzeko gunea izatea nahi dugu. Borroka den bide horretako topagune ibiltari gisa izendatu dugu eguna. Eta momentu honetan ditugun erronka komunez elkarrekin gogoetatzeko zein jai giroan modu atseginean egoteko unea izatea nahiko genuke: lagun, kolaboratzaile eta abarrekin biltzeko, espazio ez formal batean esperientziak trukatzeko, tokiko produktuekin gu geuk sukaldatutako bazkariaz gozatzeko, elkarrekin dantzatzeko eta finean, egiten ari garena partekatzeko eta iritziak jasotzeko eguna. Geureaz pentsatzen jarraitu dezagun eta Atxiki dezagun oraina!

Eta guzti hau gauzatzeko toki ezin aproposagoa dugu Bergarako gaztetxea, eskerrik asko asanbladari eta bertako kide guztiei!!!

Bertan ikusiko garelakoan, besarkada bero batekin agurtuko gara.

EGITARAUA:

Egitaraua