“SU TXIKIAN BIRA MUNDIALA” martxoa eta ekaina bitartean – Pil-pilean ikastaroaren sistematizazioaren aurkezpena

“Su txikian: Herri mugimenduak bor-borka” dokumentala eta “PIL-PILEAN: Herri-mugimenduen formakuntza politikorako esperientzia bat Euskal Herrian Ikastaroaren Sistematizazioa (2015-2018)” liburua aurkezteko Euskal Herriko txoko ezberdinetan egongo gara martxotik ekainera.

Baionan hasita Euskal Herriko hainbat txokotan sei emanaldi eta jaialdi bat prestatu ditugu. Martxoaren 21ean Baionako Zizpa Gaztetexean hasi eta, Euskal Herriko puntu ezberdinetatik pasa eta gero ekainaren 19an emango diogu amaiera geure bira mundialari Ziordiako Amarauna Gune Autogestionatuan, jaialdi polit batekin. Bira horretan Baionaz eta Ziordiaz gain Ainhize-Monjolose, Algorta, Iruña eta Gasteiz bisitatuko ditugu.

Jarraian dituzue tokian tokiko data zehatzak (betiere COVID-19a dela eta, neurrien arabera azken momentuko aldaketak eman daitezkeela kontuan izanda):

EGUNERAKETA: Baionako Zizpa gaztetxean egin behar genuen aurkezpena atzeratu egin da. Adi data berriei.

EGUNERAKETA (2): Ainhize-Monjoloseko Laborantza Ganbaran egin behar genuen aurkezpena ere atzeratu egin da. Ahal bezain laster data berriak jakinaraziko ditugu.

IZENA EMATEKO, KLIKATU HEMEN


Jakintza kolektiboki sortzea ardatz, Euskal Herriko herri-mugimenduek elkar ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta saretzeko espazio izan zedin sortu zen 2015. urtean Pil-Pilean ikastaroa. Formakuntza politiko integrala sustatu nahi genuen: historikoa, teoriko-ideologikoa, metodologikoa, gorputzezkoa, antolaketakoa…; herri-sektoreek pairatzen dituzten zapalkuntza guztiak eta aurrera daramatzaten borroka eta erresistentzia estrategia denak aitortuz. Formakuntza politikorako esperimentu harekin kultura politiko askatzaileagoak pentsatu nahi genituen, gure kultura politikoak izateko eta ekiteko dituen moduak berritzeko ahaleginean sakondu.

Dokumental honetan, ikastaroko 14 partaide agertzen dira haien esperientzia eta ikasitakoak kontatzen, azpimarratzen, denbora pasatuta ikastaroaren arrastoa erakusten, metodologia eta bizipenetatik ikasteak duen garrantzia azaltzen.

Joxemi Zumalabe Fundazioaren asmoa herri mugimenduen formazio beharra sozializatzea da besteak beste, eta hori nola egiten denari erreparatzea. Horretarako bideo hau txosten batekin batera sortu dugu, gure webgunean eskuragarri dagoena (baita gazteleraz ere), eta biak elkar osatuz, tresna bat izateko asmoa dute, herritik sortutako jakintza herriari itzultzeko xedearekin.

Animatu etortzen, eta zabaldu interesa izan dezakeen edonori!


Hona hemen SU TXIKIAN dokumentalaren trailerra:

Su txikian hobeto egiten da lan”

Sukalde txiki askok egin dezaketelako iraultza”

SU TXIKIAN Bira mundiala
Menua