“FOP” tresna esperimentatzen aritu gara, Zuiako gaztetxean

Apirilaren 6an Murgiako Gaztetxean hamalau bat kide elkartu ginen Joxemi Zumalabe Fundazioaren esperimentazio espazioaren saio berri bat egiteko.

Zumalaben martxan jarri dugun Esperimentazio Espazioa barne formakuntzarako espazio da, dinamika ezberdinak esperimentatu, asmatu edota entseatzeko espazioa, goxoa, erosoa, segurua eta, hortaz, txikia; Zumalabeko kideok eta gertuko lagunok osatzen dugu. Esperimentazio saioetan tresna eta dinamika ezberdinak probatzeaz gain, saioen bideratzea bera probatzen dugu ere, guztion artean ekarpenak eginez, aldaerak proposatuz eta dinamizazioaren ikuspegitik arreta non jarri beharko genukeen gogoetatuz.

Oraingo honetan gutariko bi kidek “Prozesuei Bideratutako Foroa” (FOP, “Foro Orientado a Procesos, gazteleraz) izeneko talde-dinamika prestatu eta dinamizatu zuten, beste guztiok talde-dinamikaren parte egiten genuen bitartean.

FOP izeneko metodologia honen bitartez, talde edo antolakundean gai baten inguruan dauden ideia eta posizionamendu ezberdinak arakatzen ditugu, horien inguruko debatea gorputzen mugimenduarekin uztartuz denok osatzen dugun zirkulu baten baitan. Helburua izaten da begirada eta posizionamendu ezberdinak azalaraztea (bereziki erdigunean ez daudenak edota arrazoi ezberdinengatik isilean gelditzen ari direnak), baita norberaren baitan egon daitezkeen ideia kontrajarriak, zalantzak eta posizio-aldaketak agerraraztea ere.

Esperimentazio saio honetan “Zelan jokatuko dugu aktibismo politikoko kolektiboetako erasotzaileekin?” izan zen FOPa egiteko debatitu genuen gaia. Beroketa eta elkar-ezagutza lantzeko ariketa egin eta gero, ordu erdiko Foroa egin genuen aipaturiko gaiaren inguruan. Debatearen itxiera modu zainduan egiteko tartetxo bat utzi eta gero, metodologia honen erabilgarritasuna aztertu genuen, baita Herri Mugimenduko lan-dinamikan erabiltzeko kontuan hartu beharko genituzkeen alderdiak eta bururatzen zitzaizkigun moldaketak partekatu ere. Azkenik, mokadotxo eta ardo baten inguruan hurrengo esperimentazio saiorako datak, gaiak/tresnak eta ardura banaketak hitz egin genituen. Elkarri eskertuz eta agurtuz etxerako buelta hartu genuen.