[Kronika] Urriaren 12ko jai arrotzari planto eginez, “Murtxikatuz” jardunaldia ospatu genuen

Giro atsegin eta jaki goxoen artean eman genuen eguna urriaren 12ko jai arrotzari intsumisioa eginez. Basoan, Defendatzaileen etxean batu ginen hainbat eta hainbat eragile Murtxikatuz jardunaldien harira. Bakoitza bere aniztasunean ildo komun bati lotuta: aktibismo politikoaren dinamizazioa. Gaiaren inguruko hausnarketaren bueltan dinamika anitz zein aunitz jorratu genituen egun osoan zehar. Hala izanik, askaria zein bazkaria hartzeko tartea ere izan genuen, espazio informalei lekua eginez eta eragileen arteko harremanak eta loturak sortuz eta estutuz.

Goiza, 10:00ak aldera, bertaratutako eragile bakoitzaren aurkezpen labur batekin hasi genuen. Bakoitzak bi objektu eraman behar zituen saiora; bata, iraganean eragilea ordezkatzen zuen objektua izan behar zuen, eta bestea, orainaldia ordezkatzen zuena. Hala, eragile bakoitzaren bilakaera eta partaideak ezagutzeko aukera izan genuen. Horren ostean, azkenaldian militantziak hartu dituen joera ezberdinak identifikatzeko talde-ariketa bati ekin genion: bost lan-talde sortu ziren eta bakoitzean banaka hausnartzeko tarte bat hartu ondoren, taldeak plenariora eramango zituen bost militatzeko joerak erabakiko zituen.

Horietatik eduki arras interesgarria nahiz baliagarria sortu zen, eta dinamizatzaileek informazio hori gaika sailkatzeko lana egin zuten: digitalizazioa, belaunaldien arteko arrakala, militantzia ereduen aldaketa eta indibidualismoa besteak beste. Lan-talde bakoitzak gai bat aukeratzeko tartea izan zuen; hurrengo ariketa hautatutako gaian sakontzean zetzan eta.

Beraz, lan-talde bakoitzak bere gaia jorratzeko euskarri modura aintzat izan beharreko hiru gako plazaratu ziren: gaiak dituen eragin negatiboak, zein beharko luke izan gure zeru muga eta gaian ezagututako praktika onak. Bost lan-taldeek aukeratutako gaian sakontzeko eta gogoetatzeko denbora hartu ondoren, hamaiketakoa hartu eta plenarioan konpartitu genituen jorratutako gakoak.

Jarraian, Emakumeen Mundu Martxako bi kideren eskutik euren mugimendua ezagutzeko eta horretatik ikasteko aukeraz gozatu genuen solasaldi atsegin batekin. Euren esperientzia eta bizipenetatik Emakumeen Mundu Martxaren ezaugarriak, ibilbidea eta antolaketa azaldu zizkiguten. Eta hari horretatik tiraka, hasiera eman genion goizeko azken talde-ariketari. Orduan bost galderari erantzunez eutsi genion saioaren xedeari:

  1. Gure eragileetan nola eta zergatik erabakitzen da eragile ezberdinez osatutako koordinadora, plataforma edo sare batean parte hartzea?
  2. Nolakoa izan da, gure esperientzietatik abiatuz, sare horren koordinazioa?
  3. Zein leku egiten zaio formakuntzari gure eragileetan?
  4. Nola kudeatzen ditugu sor daitezkeen gatazkak?
  5. Nola eragiten dute gure taldeetan lehen aipaturiko militantziarako joerek?

Honen plenarioarekin eta Basoako partaideek prestatutako bazkari ederrarekin amaiera eman genion urriaren 12ko goizari. Bazkal ostean Basoako bizilagun eta partaide batzuekin jai arrotzari intsumisioa egiteko argazkia atera genuen.

Arratsaldean Joxemi Zumalabeko kideoi egokitu zitzaigun ariketaren dinamizazioa. Honek emozioei militantzian egiten diegun lekuaren inguruko gogoeta egitea eta gorputzetik emozioak adierazteko saiakerari eustea izan zuen xede gisa. Eta guk, betiko legez, gustu handiz hartu genuen dinamizazioaren lekukoa. Ezer baino lehen, Joxemi Zumalabetik, militantzian emozioei egin beharko geniekeen lekuaren eta gure taldekideen emozioek funtzionamenduan duten eraginaren inguruko hausnarketa konpartitu genuen. Horri helduz, askotariko herri mugimenduek egindako borroken eta ekintzen bideo bat jarri genuen. Hala, jardunaldiko partaideei begiak ixteko eta zein emozio nagusitzen zen behatzeko eskatu genien. Emozioari tiraka hura gorpuzteko proposamena luzatu eta espaziotik emozioa adierazten mugitzeko eskatu genien. Hortaz, antzeko sentsazioak sortzen zizkieten adierazpenekin batu ziren eta euren emozioa edo emozioak zein izan ziren esan zuten.

Polita izan zen ikustea talde batzuetan emozio ezberdinak zirela baina gorputzaren mugimenduak batu zituztela talde izateko. Beste modu batera, hitzaren bidez, ez lirateke, beraz, talde berak sortuko.

Segituan eragileka batu ginen eta laister izango den ohiko bilera bat diseinatzeko ariketa egin genuen. Baina oraingoan, emozioak eta horien eraginak aintzat izatea beharrezkoa izanik. Hau datorren bileretan bertan hausnartutako tresna eta baliabide berriak txertatzeko modu egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun. Ariketarekin amaitzeko, eragile bakoitzari lau galderaz osatutako fitxa bat betetzeko eskatu genien, ondoren plenarioan konpartitu genuena:

  1. Zein zailtasun igarri ditugu?
  2. Auto-mugatu gara gure edo besteen erresistentzien beldur?
  3. Eta, betaurreko moreak jarrita, gure eta gure kideen genero sozializazioak eraginik al du sentipen eta gorputzei tokia egiteko orduan?
  4. Zein tresna/modu/bide baliatu dugu?

Jardunaldiei amaiera emateko, eguna baloratzeko ariketa egin genuen. Lehenik eta behin, lurrean fitxa batzuk jarri genituen eta pertsona bakoitza egunaren bere balorazioarekin bat egiten zuen fitxaren ondoan kokatu zen. Hala, taldeak sortu ziren, eta talde bakoitzari “1, 2, eta 3” zenbatzean soinu baten bidez balorazioa adierazteko eskatu zitzaien. Bitxia izan zen talde bereko soinu ezberdinak entzutea, bakoitzak emozio bakoitza modu batean bizi duenaren adierazle.