[Dinamizazioa] Txorimalo, gaztetxe izateari utzi eta bide berri bat amestu

Ibilbide luzeko espazio autogestionatua da Txorimalo, Getxoko Andra Mari auzoan kokatua eta Algortari bereziki lotua. Orain arte gaztetxe bezala funtzionatu du, herriko eta eskualdeko hamaika gaztek eta eragilek erabili dutelarik: kontzertuak, hitzaldiak, entsegu lokala, jardunaldiak, ortua… danetariko ekimenak hartu ditu bere baitan. Errepresioari eta huste mehatxuei aurre egin behar izan die ere, bidean tinko mantenduz eta gaur egun Uribe Kostako espazio okupatu eta autogestionatu ia bakar bezala geratuz.

Pasa den ikasturtean Algortako gazte mugimenduko kideek euren beharren inguruko gogoeta batetik abiatuta beste espazio baten beharra identifikatu zuten, eta Txorimalo gaztetxe bezala erabiltzeari utziko ziola adierazi zuten. Txorimaloren ibilbidea bertan amaitu ez zedin, militante talde batek Talde Motorea sortu eta Txorimalo berrasmatzeko prozesu bati hasiera eman zion. Joxemi Zumalabeko kideok prozesu horretan bide-laguntzan gabiltza, saioen diseinuan eta dinamizazioan geure ekarpen xumea egiten, aipatu talde motorearekin elkarlanean.

Aurreko zapatuan prozesu horren lehenengo saioa izan genuen, eguraldi eta giro apartak lagundurik. 10:30etan auzolanerako deialdia egon zen; espazioa garbitzea eta txukuntzea Txorimalorekin konektatzeko modu zoragarria izan zen! Horren ostean, 12:30etan, asanbladari hasiera eman genion aktibazio jolas batekin. Gero, taldean operatu zezaketen botere-ardatzak identifikatzeko dinamika bat egin ostean, bertaratutako kideek Txorimaloren etorkizuna imajinatzeari eta amesteari ekin zioten, eta banakako ametsetatik taldeko ametsetara salto egiten ahalegindu ginen. Askotariko ideiak sortu ziren hurrengo galderei erantzunez: “Nolako espazioa irudikatzen dugu?”, “Zer nolako egitasmo egongo dira espazio honetan?”, “Nork kudeatuko du espazioa, eta nori zuzenduta egongo da?”, “Ze oinarri ideologikotik arituko gara?” eta “Nola antolatuko gara guzti hori erdiesteko?”.

Hurrengo saioetan galdera horiei emandako askotariko erantzunak lurreratzeko erronka izango dugu, ametsak errealitate bihurtzeko bideak zehaztuz eta ezaugarrituz. Modu ederrean urratutako bideari jarraipen emankorra eman diezaiogun espero dugu. Plazera izan zen zapatu goiza horrela pasatzea!